Teknologia albisteak

Duela 8.000 urteko ardo aztarnak aurkitu dituzte, ezagutzen diren zaharrenak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-11-14 : 11:10

Orain arte ezagutzen den ardorik zaharrena aurkitu dute arkeologoek. Georgian izan da, Tbilisi hiriburutik 50 kilometrora dagoen Gadachrili Gora aztarnategi neolitikoan. 8.000 urte dituzten pitxer handi batzuen hondarren artean aurkitu dituzte ardoaren aztarrenak. Aurkikuntza berriarekin, 1.000 urte luzatu da ardoaren historia, orain arteko aztarnarik antzinakoenak duela 7.000 urtekoak baitziren, Iran iparraldean aurkiturikoak.

Urteko ardoaren bizitasuna maite duzun hori; edo erreserba ardoaren sakontasuna nahiago duzun hori... Jakizu edalontzian daukazun edabe horrek, gutxienez, 8.000 urte dituela. Eta, beharbada, Kaukaso inguruan izan zuela bere jatorria. Horixe da, behintzat, orain arte ezagutzen den aztarnarik zaharrena, ikerlari talde batek aste honetan bertan argitaratu duenaren arabera (jatorrizko artikulua, Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian). 

Neolitikoko iraultzak Europa eta Asia arteko ingurumari hartan eman zituen hasierako urratsik sendoenak, nekazaritzaren indartzearekin, eta ardogintza ere, ziurrenik, garai eta inguru berean sortuko zirela uste da. Hantxe aurkitu dituzte orain arteko aztarnarik zaharrenak, Kaukasoan, Kristo Aurreko 6.000. urteko ontzi handi batzuen zatien artean. Aurrez ezagutzen zen aztarnarik zaharrena Iran iparraldean aurkitutakoa zen.

Aztarna horiek dituzten pitxerrek ere badute zer esanik, mahats-biltzea irudikatzen dutelako eta gizon batzuk agertzen direlako mahatsaren inguruan dantzan. Gizakion lehenengo erromerietako bat irudikatzen ote dute? Ez da zaila imajinatzea, orain dela 8.000 urteko giza talde hura, mahatsa biltzen, Kaukasoko udazken epelean, mahats-bilketaren aitzakian musika jo eta dantzan, bapo janez eta ardoa edanez. Erromerian, alegia.

"Ardoak leku zentrala dauka Mendebaldeko zibilizazioan. Medikuntzan, erlijioan, gastronomian, ekonomian..., eta baita gizarteko beste maila guztietan ere leku handia izan du neolitotik ardoak", adierazi dute ikerlariek.

 

Erantzun

Sartu