Teknologia albisteak

Frankfurteko Auto Azokaren atarian, kotxe elektrikoak izar

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-12 : 10:35

Urte bitik behin egiten da Frankfurten munduko auto-azokarik handiena dena, IAA azoka. Badirudi, aurtengoan gai bat izango dutela hizpide bertara gerturatuko diren fabrikatzaile, zaletu eta kazetariek: auto elektrikoak. Izan ere, garai baten amaiera ikusten ari garela dirudi, erregai fosil bidez dabiltzan ibilgailuen azkenengo belaunaldia izango omen da oraingoa. Industriako zenbait sektorek jarritako oztopoak ere gainditu beharko dira, baina etorkizuna elektrikoa da. Azken albisteak: Txinak iragarri du erregai fosilen ibilgailuen fabrikazioa debekatuko duela epe laburrean. Eta Volkswagenek esan du 2030erako bere modelo guztiek bertsio elektrikoa izango dutela.

Bada urte t'erdi gai hau Sustatun aipatu genuela. Tesla 3 modeloa aurkeztu zenean, garbi ikusten zen garai-aldaketa baten atarian sartzen ari ginela. Oraindik merkatu-tasa txiki-txikia izan arren, auto elektrikoen merkatua izugarri finkatu da azken hilabeteetan, eta iraultzak ez du atzera bueltarik. Horren zantzuak gero eta handiagoak dira. 

Frantziak orain gutxi iragarri zuen 2040rako ezingo dela gasolina edo diesel kotxerik erosi Frantzian, lehenago Britainia Handiak egin zuen bezala. Volvok ere azaldu du 2019tik aurrera bere produkzio guzti-guztia elektrikoa edo hibridoa izango dela. Munduko hainbat hiriburutan dagoeneko mugatuta (edo debekatuta) dago erregai fosilekin dabiltzan ibilgailuekin sartzea, eta oso epe laburrera erabat arrunta izango da hori Europako hiriburu gehienetan: erdigunera sartu nahi baduzu, kotxe elektrikoa (edo, gutxienez, hibridoa) beharko duzu.

Frankfurteko azokaren atarian ere ibilgailu elektrikoen aldeko iragarpenenak eta mugimenduak iragarri dira. Volkswagenetik eta Txinatik etorri dira, besteak beste, albisterik esanguratsuenetakoak.

Txina ere ibilgailu elektrikoetarantz

Albisterik handiena Txina aldetik dator. Epe zehatzik ez dagoen arren, Txinako agintariek iragarri dute epe labur-ertainera debekatu egingo dutela erregai fosileko ibilgailurik fabrikatu eta saltzea. Euren industria erraldoia auto elektrikoetarantz eramango dute. Badirudi Txinako agintariek garbi ikusten dutela egoera: 1) kutsadura izugarria Txinako hiruburu gehienetan, 2) gero eta muga handiagoak "fosilentzat" Europako merkatuan, eta 3) industria elektrikoan lehenbailehen posizionatu beharra, beste enpresa batzuek nagusitasuna hartu aurretik (adibidez, Teslak). 

Txinatik datorren albiste hau ez da hutsala. Izan ere, Txina da munduko kotxe-merkaturik handiena (26 milioi ibilgailu saldu ziren iaz), eta Txinak hartzen duen edozein erabakik industriaren etorkizuna balditzatu edo bizkortu dezake.

Volkswagen gama osoa elektrikoa izango da 2030erako

Merkatuaren norabide aldaketa horren adierazle da, era berean, aste honetan bertan Volkswagenek aurreratutako albistea: bere ibilgailu guztiak elektrikoak izango dira 2030erako. 2025erako euren produkzioaren %25 elektrikoa izango da, eta datorren hamarkada amaierarako bere 300 modeloek bertsio elektriko bat izango dute gutxienez. Kontuan izan VW taldekoak direla Audi, Seat, Skoda, Bentley, Scania, Ducati,...

Volkswagenek Frankfurteko azokara eramango duen izarra ere elektrikoa izango da, bertan aurkeztuko baitu I.D. Crozz berria. Elektrikoa, nola ez. Oraindik proba fasean baina produkzioan sartuko dena 2020rako.

Bere irudi zikina garbitzeko mugimendua izan daiteke, noski, baina Volkswagenen iragarpena oso garrantzitsua da, batez ere Alemaniatik datorrelako. Izan ere, horixe baita une honetan Dieselari geratzen zaio gotorleku bakarretakoa. Albiste hau ere aste honetakoa da: Angela Merkelek esan du ez dituela dieselak debekatuko, eta dieselen kutsadura jaitsi ahal izateko 1.000 milioiko inbertsioa iragarri du. Noiz arte eutsi ahalko diote? Ez larregi. Greenpeacek gaur bertan aurkeztu du bere dekalogo modukoa: autoen industria aldatzeko 5 arrazoiak.

 

Erantzun

Sartu