Teknologia albisteak

"Ice Memory", glaziarren memoria historikoa gordetzeko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-08-25 : 09:31

Aldaketa klimatikoaren eraginak begi bistakoak dira edonon, basamortuetan, ozeanoetan, kostaldeetan,... Eta eragin hori glaziarretan da nabariena, inon nabari bada. Mundu osoko glaziarrak urtzen ari dira eta desagertu aurretik glaziarren laginak jaso eta gordetzen ari da Alpeetako Unibertsitatea Ice Memory izeneko proiektuaren bidez. Izotzaren Santutegi bat sortu nahi dute Antartikan eta bertan gordeko dituzte galzorian dauden glaziarretako izotz-puskak. Azken batean, glaziarretan gordeta dagoen informazio historikoa (garai bateko klimaren lekuko baitira) etorkizunerako gorde gura dute. Datozen belaunaldietako zientzilariek ere ikerketa gehiago egin ahal izatea da helburua, glaziarrak desagertuta daudenerako.

Mendi garaietako glaziarrek informazio handia ematen dute garai bateko klimaren eta ingurumenaren inguruan. Informazio historiko hori izotzean gordeta geratzen da, eta ikerlariek datu andana zabala atera ditzakete glaziarretan jasotako laginetatik. Baina klima aldaketaren eraginez glaziar asko arriskuan dago, sarri-sarri desagertzeko zorian. Milaka urtetan izotzean metatu den informazio guztia urtzen ari da gure begien aurrean, baita betiko urtu eta desagertu ere. 

Hori dela eta, glaziarretan berezitutako ikerlari talde batek Ice Memory proiektua abiarazi du. Arriskuan dauden mundu osoko hainbat glaziar bisitatu dituzte eta glaziarren laginak jasotzen ari dira. Mundu osoan zehar. Glaziarren memoria historikoa betirako gordetzea dute helburu; izotz-pusken lehenengo "liburutegia" sortu nahi dute. Azken asteotan, esate baterako, Bolivian izan dira, 6.300 metroko garaiera dagoen Illimani glaziarrean. Material guztia Antartikan gordeko dute, horretarako prestatutako leku aproposean.

Ikerlariek jasotzen dutena ez dira izotz-puska arruntak, noski. Ice-core deritzen laginak ehunka metroko luzeera dute eta modu jakin batean jaso eta gorde behar dira, ondoren behar bezala ikertu ahal izateko eta ondorio zientifikoak atera ahal izateko. Bideo honetan ikusten da nola egiten duten eta zeintzuk diren euren helburuak.

Azken batean, proiektu honen helburua da izotzaren artxibo global bat sortzea, ikerlari guztientzat irekia eta iraganeko informazioa etorkizunerako gordeko duena. Jean Jouzel klimatologo eta 2007ko Bakearen Nobel Saridunak esan duen bezala, "datozen hamarkadetan, eta baita datozen mendeetan ere, lagin hauek erreferentzia ezinbestekoa izango dira planeta honen historia ezagutzeko, eta aurkikuntza zientifiko berrietarako giltza izango dira".

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago