Teknologia albisteak

NotebookLM euskarazko bideoak sortzeko gauza da orain

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:09

Aipatu izan dugu aurten Sustatun behin baino gehiagotan NotebookLM adimen artifizialeko Googleren tresna, nola den gauza euskarazko podkastak sortzeko. Orain bideoak ere bai, podkastak azken batean baina testu/irudi bilduma batekin ilustratuak, aurkezpen bateko diapositiba batzuk bailiran. Aproba parea egin dugu, emaitzak, berriz ere, harrigarriak.

Bi aproba egin ditugu. Batetik, euskarazko hiru URL eman dizkiogu gai bati buruz. Hemen aipatutako hau, txori-izenen estandarizazioan aurrerapausua eman dela. Sustatuko artikuluaren amaieran hiru esteka daude gehiago sakontzeko, eta horiexek (bat, bi, hiru) eman dizkiogu NotebookLM-ri. Bere denboratxoa hartu du, 20 minutu edo, baina horra emaitza: Txorien bideoa.

Emaitza ontzat eman du artikuluetako baten egileak, Asier Sarasua Sustatuko lantaldeko lagun eta ornitologoak. Ahoskera arraroak eta zenbakiekin nahasmenduren bat, baina muina ondo azalduta dago.

Beste aproba batean erdarazko edukia eman diogu NotebookLM-ri, eta euskarazko laburpen eta bideoa eman digu. Gaiak euskararekin zerikusia du, baina ingelesezko artikulu akademikoa da, Txikipediaren erabilerari buruzko hau: A wikipedia-based Authentic Task About Biodiversity in Pre-service Primary Science Teacher Education: Evaluation, Re-design and Validation of a Multidimensional Rubric for K-12 Content. Ingelesez eman, baina bideoa euskaraz, bai: hauxe.

Bideoek hobetzeko asko dute, bai, baina lehen begiratu batean, sekulakoa dirudi. Gogoratu, euskarazko emaitzak lortzeko egin behar dena da NotebookLM-n izena emandakoa, output edo emaitza hizkuntza euskaraz aukeratzea. Hortik aurrera, erdarazko edukien laburpen eta abarrak euskaraz emango dizkizu.

Bideoen funtzionalitate berri hau jolas bat iruditu dakigukeen arren, laburpen erako printza batzuk lortzeko praktikoa da, batez ere ondo ulertzen ez dugun erdara batean ematen badiogu materiala. Txikipediako artikuluaren laburpen hau, adibidez, zertaz doan ulertzeko:

[azterketak] Txikipedian oinarritutako hezkuntza-zeregin baten ebaluazioa deskribatzen du, Lehen Hezkuntzako Zientzia Irakasleen (PPST) prestakuntzan biodibertsitatearen alfabetatzea hobetzeko. Hasierako artikuluen gabeziak aztertu ondoren, BIOTA-R izeneko bi dimentsioko errubrika didaktiko bat garatu eta baliozkotu zen. Errubrika hau formalki eta zientifikoki, baita pedagogikoki ere, Txikipedia artikuluen kalitatea ebaluatzeko erabili zen. Emaitzek hobekuntza bat erakutsi zuten artikuluen kalitatean BIOTA-R tresna formatibo gisa erabili ondoren, nahiz eta ikasleek oraindik zailtasunak izan zituzten tokiko ezagutza eta ikasleen gaizki-ulertuak artikuluetan txertatzeko. Azken finean, lan honek Wikipedia-n oinarritutako proiektuen potentziala azpimarratzen du irakasleen prestakuntzan, alfabetatze zientifikoa eta kritikoa sustatzeko.

Erantzun

Sartu