Teknologia albisteak

Frantziak 17 erreaktore nuklear itxi nahi ditu 2025 urterako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-11 : 12:43

Duela egun batzuk aipatu genuen nola Frantziako Gobernuak neurri ausartak iragarri dituen Parisko Akordioa betetzeko eta aldaketa klimatikoa gutxitzeko. Besteak beste, gasolina eta diesel ibilgailurik ez da salduko 2040 urterako, energia berriztagarrien aldeko hautua sendotu nahi da, eta energia nuklearraren pisua ahalik eta gehien txikitu. Atzo bertan jardun zuen Trantsizio Energetikorako Ministro Hulotek azken gai horren inguruan eta zenbait datu ere aurreratu zituen: datozen 8 urteotan, 2025 urterako, Frantzia osoan 17 erreaktore nuklear ixtea ari dira aztertzen. Kopurua oraindik ez da behin betikoa, baina Frantziak bide berri hori hartzea azpimarragarria da, gehienbat Frantziako Estatua delako energia nuklearraren 2. ekoizlea mundu mailan (Estatu Batuen ostean), eta azken belaunaldietan energia nuklearrak izan duen babeslerik handiena.

Nicolas Hulot Ministroak RTL katean hitz egin zuen atzo (behean elkarrizketaren bideoa, frantsesez) eta bertan aurreratu zituen energia nuklearra txikitzeko hartu nahi dituzten neurriak. Helburua garbia da: energia nuklearraren pisu erlatiboa jaistea 2025. urterako, egungo %78tik %50era. Horretarako, 17 erreaktore ixtea aurreikusten da, oraindik kopurua ez den arren behin betikoa. Horretarako, energia iturri berriak sendotu beharko dira eta kontsumo-ereduak ere aldatu beharko dituzte herritarrek, besteak beste.

Une honetan Frantzian 19 zentral eta 58 erreaktore daude martxan. Estatu Batuen ostean, Frantzia da mundu mailan energia nuklear gehien ekoizten duen estatua (populazioa kontuan hartuta lehenengoa). Zentralak kudeatzen dituen EDF enpresa publikoa ere mundu mailako lehenengo produktorea da. Zentralak eta erreaktoreak ixteko orduan, bakoitzaren egoera, historia eta segurtasuna aztertuko omen dituzte.

Zentral nuklearrak gutxinaka ixteko asmoa ez da orain sortua. Gogoan izan behar da 2012an ere aurkeztu zuela antzeko plan bat Francois Hollande presidenteak, 20 urtean 20 erreaktore ixteko asmoarekin.

Orain arte energia nuklearraren bultzatzaile eta eredu nagusia izan denak bide berri honi ekiteak sekulako paradigma-aldaketa ekarri dezake epe ertainera. 

 

...........

Argazkia: Trilloko zentral nuklearra, Espainia (Rodrigo Gómez).

Erantzun

Sartu