Teknologia albisteak

Signal: mezularitza eta argazkigintza seguru eta pribatua, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:27

Mezularitza zerbitzuetan erraldoien atzaparrek eta pribazitateak kezkatzen bazaitu, Whatsapp (Meta enpresaren jabetza) eta Telegram-ekin gehiegi fidatzen ez bazara, adibidez, Signal alternatiba bat dela entzungo zenuen. Egia esanda, itxura guztien atabera, erabilpen txikia du euskaldunon artean, baina hala ere, bi puntu azalduko ditugu bere alde: bat, euskaraz dago; eta bi, lagunik ez baduzu ere balio dezake zuk zeuk bakarrik erabiltzeko funtzio zehatz batean: argazkiak segurtasunez garbitu, metadatuak kentzeko.

Signal instalatzeko, hemen duzu Google Playn. Jarraian, instalatzeko urratsetan, Android euskarazko baduzu mugikorrean, euskara agertuko zaizu aplikazioa. Hemen pantaila irudi batzuk:

Orain... baduzu kontakturik Signal daukatenik? ba haiekin komunikatu zaitezke txat egiten.

Nola aurkitu jendea Signalen? Jendeak erabiltzaile izena jakinaraz diezazuke, eta horrekin kontaktatu. Hemen dugu adibidez, kazetari bat (Dan Goodin) Interneteko segurtasun gaiak tratatzen dituena AEBetako erreferentziazko albistegi batean, Ars Technican. Hortaz, pentsa dezakegu Goodinek badakiela pixkat komunikazio pribatu eta seguruez, eta hara nola aurkezten duen bere burua sareetan: DM me on Signal: DanArs.82

Hau da, bere erabiltzaile izenarekin bilatzen ahal duzu, eta mezu seguruak eta zifratuak trukatuko dituzu berarekin. Jendea aurkitzeko beste metodo bat telefono zenbakiaren bilaketa da. Eta ez baduzu orduan ere inor aurkitzen... zure buruarekin aritu! Zertarako? ba argazkiak garbitzeko. Signalera bidaltzen duzun argazki batek EXIF datuak garbituko dizkio argazkiari, eta ez dute eurek ere gordeko: hau da, desagertuko dira fitxategitik geokokapena, data eta ordua, makina edo telefonoaren datu teknikoak. Zer motiborekin ere, argazki bat nolabait anonimizatu nahi baduzu, horixe egin dezakezu, Signal bidez zure buruari bidali, eta gero deskarga egin buzoitik, mugikorrean gordeko den kopia garbia izango delarik.

Zeure buruari bidaltzeko argazkiak (edo beste era bateko mezuak) Norberarentzako oharra izeneko funtzioa aurkitu behar duzu txat egiterakoan. Beheko irudian, ezkerrean duzu pantaila zurian hori topatzeko mdu bat, zure telefono zenbaki propioa bilatu Signal bidez, eta hor agertuko zaizu norberarentzakoa.  

Goiko bi interfaze beltzetan, Signalek argaziekin duen beste aukeratxo bat dugu. Jendea edo gauzak ezkutatu, hau ere praktikoa argazkien pribatutasuna handitzeko. Funtzioaren euskarazko izena (zirriborratu) igual ez da onena (ingelesez blur da), baina ondo dabil, eta gainera aurpegiak ezkutatu edo zirriborratzea automatikoki aukera daiteke, adibideak erakusten duen bezala.

Hortaz, argazki bat daukazu eta zabaldu aurretik nahi duzu aurpegiak kendu eta EXIF datu identifikatzaileak ezabatu: bidali zeure buruari Signal bidez, eta hortxe izango duzu bertsio berria.

Singal Androiderako, hemen.

 

Erantzun

Sartu