
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardueretan euskara normalizatzeko dekretu mamitsu parea onartu berri du Diputatuen Kontseiluak, eta publiko egin dira. Besteak beste, Aldundiko langileei euskarazko tresna informatikoak ezarriko zaizkie ordenagailuetan: erdarazko bertsioak izateko, idatziz eskatu beharko dute. Horretara begira, etorkizuneko garapen informatikoetan derrigor egon beharko du euskarak.
Erabilera planak herri-administrazioetan jardunaldietan nago eta oraintxe aurkeztu du HPSk hemen Irati izeneko aplikazio informatikoa, euskaratze planak bideratzeko tresna.
Eskaripean bat edo beste eman bada ere, katalogoan programatutako ikastaroei zegokionean taldeak osatzeko orduan ez zen lortzen kopuru minimoa ikastaroak abiatzeko, nahiz eta aukera ezberdinak saiatu.
Iragan abenduaren 11n hasi eta 13ra bitartean euskararen astea antolatu genuen Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan. Orduan bizi eta ikusiak kontatu eta baloratzera gatoz hona.
Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren abenduaren 13an, 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BEC-en ospatuko duen ekitaldi jendetsuan taularatuko duen ikuskizunaren ("Euskararen oreka hauskorra") alderdi artistikoa aurreratu du. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak eta Eneko Olasagasti ekitaldiko zuzendari artistikoak eman dituzte azalpenak.
Oiartzun Irratiak saio berria estreinatu berri du. Saio berriaren izena Oiartzuarren baitan da, eta hain zuzen, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen izen bereko proiektutik datorkiguna da. Asteazken eta larunbatetan dira emanaldiak.
Abenduaren 12an IV. bertso-saio klinikoa izango da Bilboko Kafe Antzokian. Bertsolari lanetan arituko dira mediku-erizainak eta entzule-lehiakide izango dira hartarako izena ematen duten medikuntzako ikasleak.
Datorren astean, Gasteizko Artium museoan Lazarragaren inguruko jardunaldiak burutuko dira. Henrike Knorrek antolatzen zituen jardunaldien segida bezala uler daitezke, baina Aramaion izan beharrean Gasteizen burutuko ditugu aurtengoak.
Hausnartu, euskal soziolinguistika sariak banatu dira abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuz, Martin Ugalde Kultur Parkean buruturiko ekitaldian.
Euskararen Nazioarteko Eguna 1949. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzen da egun honetan; euskara ere beste hizkuntzen pareko dela adierazi eta bizitzako eremu guztietan erabilgarri dela azpimarratu nahi da. Jakin badakigu, ordea, egun bakarra baino gehiago euskarak bereak beharko lituzkeela urteko egun guztiak eta noski, asmo horiek egia bilakatzeko urteko egun guztietan egin behar dugula lan. Gaurko egunaren aitzakia baliatuko dugu euskararen unibertsaltasunari muzin egin gabe euskarak gaur eta hemen duen erabilgarritasunari buruz gogoetatxo bat egiteko.
Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunak jardunaldi bat antolatu dute euskara juridikoaren inguruan, bihar asteartea, hilak 25. Gaia: teknologia berriak euskara juridikoaren esparruan.
Azaroak 27an bukatzen da Eusko Ikaskuntzak antolatutako ENE sarian izena emateko epea. Saria Euskal Herritik kanpo Euskara bultzatzen duten erakundeei zuzenduta dago.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak astearteko bileran erabaki zuenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 90.000 euro emango dizkio EHUko Euskara Institutuari. Euskara Institutuak Interneten zenbait lan interesgarri garatu ditu, besteak beste: Egungo Euskararen Hiztegia; Hiztegi Batua Euskal Prosan; eta Lexikoa, Atzo eta Gaur aplikazioa. Hiruak, gainera, eduki libre gisa banatuak, Creative Commons Aitortu (cc-by) lizentziarekin jarrita baitaude sarean.
Leizaola Elkargoak antolatuta, Gutxiengo Hizkuntzen Erabilera Gazterian Sustatzeko Gauzatutako Eskarmentu Arrakastatsu eta Praktika Egokien Biltzarra egingo da Bilbon, azaroaren 20an eta 21ean, Euskalduna jauregian.
Sarean dago jada apertium-eu-es, euskaratik espainierarako Apertium plataforman oinarritutako itzultzaile automatiko librearen lehenengo bertsioa: erdaratu.eu webgunean probatu daiteke.