Euskararen Nazioarteko Eguna 1949. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzen da egun honetan; euskara ere beste hizkuntzen pareko dela adierazi eta bizitzako eremu guztietan erabilgarri dela azpimarratu nahi da. Jakin badakigu, ordea, egun bakarra baino gehiago euskarak bereak beharko lituzkeela urteko egun guztiak eta noski, asmo horiek egia bilakatzeko urteko egun guztietan egin behar dugula lan. Gaurko egunaren aitzakia baliatuko dugu euskararen unibertsaltasunari muzin egin gabe euskarak gaur eta hemen duen erabilgarritasunari buruz gogoetatxo bat egiteko.
Azken urteotan etengabe darabilgu euskararen normalizazioa terminoa. Eta inork ez du zalantzan jartzen euskararen normalizazio behar hori. Euskara bizitzako eremu guztietan erabiltzea esan nahi du horrek. Euskararen egoera normalizatuan, euskarak edozertarako balio behar du; eremu guztietan erabiliko da. Balio sozioekonomikoa izan behar du, balio kulturalaz gain. Horretarako, ez da nahikoa hizkuntza horretako hiztunen borondatea. Hori oinarrizkoa izanik ere, beharrezkoa da hizkuntzak aldagai gehiago ere bere alde izatea; hala nola, erakunde publikoen eta gizarte eragileen jarduerak hizkuntzaren zabalkundeari bide ematea, hizkuntza bera arlo formaletara egokitzea eta, orokorrean, hizkuntza testuinguru berrietan erabiltzeko aukerak eta ohiturak sortzea. Eta alor horietan hizkuntzaren normalizaziora iristeko lan handia dago oraindik.
Egia da era berean, euskarak bistako susperraldia izan duela hainbat arlotan. Euskaraz dakiten herritarren kopuruak hazkunde nabarmena izan du azken bi hamarraldi hauetan. Baina azterketa soziolinguistikoek adierazten dutenez, euskaraz dakitenen kopurua abiada handian hazi bada ere, euskara erabiltzen duten hiztunen kopurua ez da hain nabarmen hazi eta hori kezkagarria da. Erabileraren inguruan askotan zabaltzen den mezua ez da guztiz zuzena, izan ere, euskaldunen artean erabilera altua izaten da aukera egokiak daudenetan. Hizkuntzarekiko atxikimendua handia da euskal hiztunon artean eta euskara erabiltzeko aukera baldin badugu, erabili egiten dugu; baina aukera horiek denon artean sortzeko gai izan behar dugu.
Susperraldiaz gain azken urte hauetan euskararen berreskuratze prozesua ere ikusten ari gara. Duela zenbait urte euskararentzat arrotzak ziren eremuetan ere erabiltzen da gaur egun eta beste batzuetan bidea egiten hasia da. Eremu horietako bat arlo sozioekonomikoa da eta behar-beharrezkoa da arlo honetan eskolatik datozen gazte eleanitzei harrera egiteko egiturak prestatzea etorkizun hurbil batean beste hizkuntzak bezalaxe euskara ere normaltasunez erabil dezaten. Eta hori nola egin? Batetik ezinbestekoa da urrats hauek guztiak lan eremua euskalduntzera bideratutako neurri eraginkor eta adostuekin osatzea eta bestetik premiazkoa da modu arrakastatsuan aurrera doazen ekimenak aintzat hartzea eta garatzea. Izan ere zentzuzkoena pilatutako ezagutza baliatzea da.
Arlo sozioekonomikoan euskararen normalkuntzan eragiteko ekimenetako bat dugu 2000. urteko ekainean sortu zen Bai Euskarari Ziurtagiria. ZIURTAGIRIAREN ELKARTEA Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez ari da lanean eta xedea irizpide zehatz batzuen arabera euskararen normalizaziorako bidean neurriak hartzen eta betetzen dituzten entitateak identifikatzea eta kreditatzea da.
ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAk gainera, garbi dauka euskarak onura argiak dakarzkiola enpresari. Lehenik eta behin, aniztasun linguistikoa benetako abantaila konpetitiboa da; izan ere, euskara ere erabiltzen duen enpresak, erabiltzen ez duen batekin alderatuta, bezeroak kontuan izango duen balio diferentziala dauka. Hartzaileek hala eskatuta zerbitzua euskaraz emateko gai ez den entitateak gabeziak izango ditu kalitateari eta bezeroaren asetasunari begira.
Bestetik, kontuan izan behar dugu egoera desberdinetan bizirauten duten enpresak ez direla enpresarik handienak izaten, hobekien egokitzen direnak baizik. Arrakastarako giltza errealitate aldakor horietara egokitzeko gaitasunean dago. Gure inguruan euskarak gero eta leku handiagoa du eta, horrenbestez, enpresek merkatuaren eskaerei erantzuteko gai izan behar dute. Gainera, euskara darabilen enpresak gertukotasuna transmititzen du eta bezeroei konfiantza ematen die.
Horrezaz guztiaz gain, ez da zalantzarik gizartearekin konpromisoa agertzen duen enpresak eta gai sozialen aurrean arduratsu agertzen denak irudi hobea eta sinesgarritasun handiagoa lortzen dituela gizartearen nahiz bere langileen aurrean. Eta enpresak barrura begira ere badu onurarik, euskara barne-harremanetan txertatzeak langileen motibazioa eta inplikazioa haztea ekarri baitu hainbatetan.
Azken batean, gainerako eremuetan bezalaxe, modu globalean pentsatzea eta modu lokalean ekitea da bidea.
Euskararen normalizaziorako arlo sozioekonomikoaren euskalduntzea lorpen estrategikoa da; eta neurri berean, esan dezakegu enpresan euskara erabiltzea ere erabaki estrategikoa dela. Horrexegatik Bai Euskarari Ziurtagiriari ere balio estrategikoa eman izan zaio hasieratik eta alor horretan eragiteko tresna izan da azken 8 urteotan. 2000ko ekainetik jorratutako bidean arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa, profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena da Bai Euskarari Ziurtagiria.
Dagoeneko 1.530 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiagok eskuratu dute Ziurtagiria (zerrenda osoa www.baieuskarari.org webgunean ikus daiteke) eta guztira 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Sektore eta tamaina guztietako Euskal Herri osoko entitate hauek Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin dute. Kalitatea eskaintzen dielako eta beren produktu eta zerbitzuei balioa erantsita, merkatuan lehiakorrago egiten dituelako.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, eta euskarak bereak dituen urteko gainerako egun guztietan ere, gu ziur gaude egiten ari garen bide honek fruituak emango dituela. Bertatik hasi eta nazioarteraino.
Erantzun
Sartu