Iragan abenduaren 11n hasi eta 13ra bitartean euskararen astea antolatu genuen Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan. Orduan bizi eta ikusiak kontatu eta baloratzera gatoz hona.
Aurreko asteburuan izan zen euskararen inguruko zenbait ekitaldi Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan. Eta hara hemen 27zapatak egindako egun guztien kronika eta balorazio pertsonala.
1. Osteguneko (abenduak 11) hitzaldi tertuliya (30 lagun): Iñaki Arruti etorri zen Lasarteko esperientzia kontatzera eta euskaldunok euskalgintzan bere iritziz gaur egun egin beharko genukeena kontatzera. Hitzaldiya luuze xamar joan zitzaidan Putzuzulo izoztuan, nahiz eta gauza asko eta asko izan ziren interesanteak: asertibitatearen ingurukoak esaterako edo Lasarteko euskalgintzaren pausuak ezagutzea. Eskerrak gero salda beroa hartu genuen eta zertxobait jan tertuliyari heltzeko. Tertuliko galdera hauxe zen: zarautzen euskararekin zer eta nola egin? Garbi zegoen nolabaiteko antolaketa bat behar dela herrian euskararekin aritzeko, baina zein jenderekin, nor(tzu)k du(te) gurditik tiraka hasteko ausardia, ohorea edo gogoa? Nolakoa izan beharko luke antolaketak? Airean geratu ziren galderak dira, Putzuzuloko hormetan itsatsirik darraitenak oraindik nork askatuko zain.
2. Ostiraleko (abenduak 12) Kopla txapelketa (300 lagun): 12 bertsolari koplatan nork nor isilduko ring bihurtu genuen gaztetxean. Umorea, jendearen beroa eta umore gehiago. Saio ikaragarria, ikusgarria, euforikoa.
3. Larunbateko (abenduak 13) Arraiopola umeentzako irratsaioa, artisten kolaxa eta kontzertua (ZURA eta Sabina Leone): Gaztetxean ez dugu nire ustez umeekin zer eta nola egin behar bezala asmatzen. Larunbatean beste saiakera bat egin genuen baina huts egin genuen. Saioa polita joan zen baina 2 ume baino ez ziren etorri. Artisten kolaxa ikaragarria izan zen: herriko eta inguruko dozenaka artista inongo lotsa eta konplexurik gabe zuten onena ematen. Sktlariak, margolariak, poetak, musikariak, antzerkilariak, sukaldariak eta arian ari garen arilari gehiago. Ikaragarria hau ere. Iluntzean kontzertua. 60 bat lagun gerturatu ziren Putzuzulora kalitateko musika eskaintza entzutera. Sabina Leonek jo ta ma utzi gintuen danok eta oraindik ere bere ahotsa daramagu tatuatua besotan. Ondo ZURA ere.
Hori bai, astelehena eta asteartea ohean manta artean globo bat eginda isolaturik pasa ditut, gaixo belarriko infekzioarekin, egunerokotasun estugarritik ihesbide bila. Nahiz eta hilabete mordoxka bat lehenago hasi ginen euskarastea09 antolatzen niri estuasunak egunero bikoiztu zitzaizkidan egunak hurbildu ahala. Pott egiteraino. Pasa da azkenean eta benetan, lasaitu ederra hartu dut/dugu lan politta egin dugun ziurtasunarekin.
Pentsatu, antolatu, egin eta kontatu. Ez dok modu txarra gauzak egitteko. Einaz erakustia modukorik ez daok.
Bertan be edarra izango zuan eta kanpora begira izan daben zabalpena be ez dok gitxiao izan.
Ia horko ilusiño eta antolaketa ahalmenaren hautsa zabaltzen dogun gaztetxez gaztetxe.
Segi aurrera holakotxe perlak eskaintzen.