Erabilera planak herri-administrazioetan jardunaldietan nago eta oraintxe aurkeztu du HPSk hemen Irati izeneko aplikazio informatikoa, euskaratze planak bideratzeko tresna.
Joseba Lozano HPSkoak aurkeztu du Irati. Zer da? EBPN eta erabilera planen diseinua, kudeaketa eta jarraipena egiteko, aplikazio informatikoa. Funtzionatzen izateko, Izenperen txartela behar da batetik, eta alta eskatu bestetik irati a bildua ej-gv.es helbidera idatzita.
Tresna malgua dela azpimarratu du Lozanok: administrazio handi zein txikietan erabil daiteke, euskaldunago edo erdaldunagoetan... Erabilera plan orokorra egin daiteke, eta gainera langile bakoitzaren plana ere bai.
Tresnak eskatzen dituen adierazleak betez gero, txosten eta fitxak betetzen lagunduko dizue, aurrekontu orriak, dokumentu sorkuntzarako erraztasun asko omen ditu Iratik.
Dena den, argi utzi du ez dela derrigor erabili beharreko tresna. Beste jarraipen modu eta tresna batzuk erabiltzen badira hortik, lasai egoteko esan du Lozanok. Hori bai, probatzeko Irati, eta horren argitan erabakitzeko.
Oraingoz barne-probetan bakarrik dabil Irati. Otsailaren 9tik aurrera, administrazioek erabiltzeko moduan egongo dela agindu du HPSk. 10etik aurrera, gainera, ikastaroak izango dira bi astez, Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Martxan jarri ondoren, ekarpenak jasotzea espero dute. "1.0 bertsioa dela esan dezakegu", esan du Lozanok. Ekarpen eta zuzenketekin, bigarren bertsioa aurten bertan irtengo omen da.
Publikotik galdetu dute ea Microsoft ez den softwarearekin bateragarri ote den, Izenpek ematen dituen arazoak aipatuz. Mahaitik ez dute erantzuten jakin.
Izenaren berri ere eman dute. Ez da ezerren akronimoa. Hau bultzatzen ari ziren teknikariak hor ibiltzen omen ziren adierazleen zuhaitzak, eta ekimenen zuhaitz grafikoak azaltzen eta esplikatzen... Halako batean esan omen zuen Patxi Baztarrika sailburuordeak: "Horrenbeste zuhaitz, Iratiko basoa ematen du honek". Ez ahal dira Nafarroako agintariak haserretuko.
Erantzun
Sartu