Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Euskararen oreka hauskorra" taularatuko du Kontseiluak larunbatean

BEC-en datorren larunbatean ospatuko den ekitaldiaren alderdi artistikoa Eneko Olasagasti antzerki eta zinema zuzendari ezagunak landu du. Bere esanetan, “ikusgarria izateaz gain, euskarak bizi duen egoera hauskorraren erakusle izango da” Bizkaia Arenako ikuskizuna.

Olasagastiren hitzetan, “euskarak egun bizi duen egoera irudikatzeko zirkoko zenbait numero erabiliko ditugu. Orekarekin jokatzen duten numeroak dira nagusi, hain zuzen ere. Oreka galtzeko arriskuan egonda ere orekaren bila dabiltzan artistak eta eszenaratzeak izango dira ardatz”.

Adibide baterako, 12 metrora zintzilik dauden ohialetan egiten den dantza, deiturikoa, ekilibrismoa, malabararistak, pailazoak eta abar izango dira ikuskizunaren alderdi artistikoaren zati handi bat, gaur azaldutakoaren arabera.

“Baina helburua ez da zirkoko numeroak bere horretan taularatzea, bakoitzak elementu lagungarriak izango baititu”, gaineratu du Olasagastik. “Aktoreek, bertsolariek, musikari eta kantariek euren lanekin lagunduko dituzte zirkoko numero ezberdinak. Baina beti ere sinpletasunak ematen duen edertasuna bilatuz”.

Musikak ere indar handia izango du ikuskizunean, Pascal Gaigneren zuzendaritzapean zazpi musiko arituko baitira. Besteak beste, arlo ezberdinetako artistak izango dira taulagainean, hala nola, Kirmen Uribe, Uxue Alberdi, Xabi Paya, Elena Irureta, Asier Hernandez, Mikel Urdangarin, Patxo Telleria eta Mikel Martinez. “Bideoaren eta argiaren laguntzaz hausnartu eta ondo pasatzea da helburua”, ikuskizunaren zuzendariaren arabera.

Hala ere, “BEC-eko ekitaldiak ez du ikuskizun hutsa izan nahi. Euskararen egoeraren isla izan nahi du, eta egoera hori modu ikusgarrian agertarazten saiatuko gara ordu eta erdi inguruko taularatzearen bitartez”.

Elementu artistikoekin uztartuta, Kontseilua osatzen duten euskararen gizarte erakundeek ere presentzia nabarmena izango dute. “Euskararen normalizazioan euskalgintzak orain arte egindako lana eta hemendik aurrera egin beharrekoa irudikatzen saiatuko gara, eta horretarako baliabide tekniko aurreratuak erabiliko ditugu. Beraz, edukiz beteriko ikuskizun oso bisuala eta atsegina izango dela aurreratu dezakegu. Guztia ezin dugu hemen aurreratu, ordea, eta hainbat sorpresa gordeko ditugu datorren larunbaterako”, esan du Eneko Olasagastik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu