Teknologia albisteak

Informatika, eta beste hainbat kontu, euskaldunago GFAn

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-02-11 : 10:02

Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardueretan euskara normalizatzeko dekretu mamitsu parea onartu berri du Diputatuen Kontseiluak, eta publiko egin dira. Besteak beste, Aldundiko langileei euskarazko tresna informatikoak ezarriko zaizkie ordenagailuetan: erdarazko bertsioak izateko, idatziz eskatu beharko dute. Horretara begira, etorkizuneko garapen informatikoetan derrigor egon beharko du euskarak.

Halaxe diote tresna eta aplikazio informatikoei dagozkien puntuak:

  1. Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuetan programa informatiko komertzial edo orokorrak instalatzean, horiek euskarazko bertsioa badute, bertsio hori instalatuko zaie Foru Aldundiko langile guztiei. Langileek aukera izango dute, hala ere, gaztelerako bertsioa instalatzeko idatzizko eskaera egiteko.
  2. Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuetan erabiltzeko berariaz sortzen diren programa edo tresna informatikoak bi hizkuntza ofizialetan berdin lan egin ahal izateko prestaturik egon behar dira. Departamentu edo zerbitzu bakoitzak bere erantzukizunpean izango du hori bermatzeko neurri zehatz eta argiak hartzea, foru dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera sortzen diren programa edo aplikazio guztietan.
  3. Xede horri begira, programa informatikoaren moldaera sortzerakoan bertsio elebidun bat egiteko egon ohi diren hizkuntza baldintzapenak kontuan hartu beharko dira. Bereziki saihestu beharko da programa osorik gazteleraz egin eta guztiz bukatu ostean ekitea euskarazko bertsioari, jokabide horrek sarritan zailtasun gaindiezinak ezartzen ahal baitizkio euskarazko moldaera txukun eta erabilgarriari.
  4. Foru dekretu honen indarraldiaren aurretik erabiltzen diren programa informatikoak euskaraz lan egin ahal izateko prestaturik ez daudenean, dagokion departamentuak foru dekretu hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean egutegi bat egingo du tresna informatiko horiek egokitzeko eta prestatzeko.
  5. Tresna informatiko berriak sortzeko edo zaharrak egokitzeko behar izango diren lanorduen kostua departamentu arduradunak bere urteroko programazioan sartu behar du.

Beste puntu batek Internet eta intranet sareak arautzen ditu, puntu hauekin:

  1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenean diren Internet eta intranet sareetako edukiak, oro har, euskaraz eta gazteleraz kontsultatzeko moduan egongo dira.
  2. Aldundiaren eta departamentuen web orrietara sartzean, euskarazko orria agertuko da lehenbizi, eta orri horretan bertan egongo da gaztelera eta gainerako hizkuntzak hautatzeko aukera, horrelakorik badago.
  3. Internet eta intranet sareen bidez izapideak egiteko aukera ematen denean, izapide horiek euskaraz eta gazteleraz egiteko moduan egongo dira.
  4. Administrazioaren ohiko prozeduraz kanpo, departamentuek beren web orrietan kanpoan sortutako edukiak jartzen dituztenean, irizpide orokor hauek jarraituko dira: a) Bi hizkuntza ofizialak modu orekatuan erabiliko dira, berdintasun printzipioan oinarri harturik. Departamentu bakoitzaren ardura izango da oreka hori ziurtatzea. b) Hizkuntza ofizialen trataera orekatuaren alde, itzulpen sistematikoa erabili ordez lehentasunezkoa izango da hizkuntza ofizial bakoitzean zuzenean eta jatorriz egindako ekarpenak sortzen ahalegintzea.

Kontu zibernetiko hauetatik haruntzago, beste hainbat kontutan ere arautzen da euskararen erabilpena: herritarrekin harremanak, ahoz, idatziz zein erregistroaren bide formaletik; lan hizkuntzak eta itzulpenen erabilpenak; errotulazioa, komunikazio publikoa eta iragarkiak; eta beste zenbait.

Arau hauek guztiak aurkitu dituzue hemen:

Urtarrilaren 27ko 4/2009 Foru Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena GFAren jarduera esparruan 20082012 aldirako.

Dekretu horrez aparte, beste bat ere onartu da: Urtarrilaren 27ko 3/2009 Foru Dekretua, GFAn Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzen duena 20082012 aldirako. Antolakuntzako eta prozedura jakin batzuei buruzko kontuak datoz hor, arau zehatzak baino gehiago.

Bi dekretuen berri ematen duen albistea, GipuzkoaEuskara webgunean.

Erantzun

Sartu