Euskara Institutuaren lanei babesa
EHUko estatutuek Euskara Institutuari ematen dizkioten helburuen artean daude euskararen eta euskarazko didaktikari buruzko ezagutza eta ikerketaren arlo desberdinetan lexikografia ikerkuntza egitea; unibertsitatean eta beste hezkuntza-mailetan egindako irakaste-esperientzietan lortutako emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egitea; ikastetxeen arteko ikastaro bereziak ematea; edozein mailatan testuak eta irakasteko materialak prestatzea; eta bere gaitasun arloan aholkularitza teknikoa eskaintzea.
Horrela, Euskara Institutuak aipaturiko alorrean duen esperientzia eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin duen lotura kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EHUren Euskara Institutuarekin hiru urteko iraupena (2008-2010) izango duen hitzarmena sinatuko du eta, ondorioz, urtez urte diru-laguntza emango dio. Elkarlanerako hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 90.000 euro luzatuko dizkio Euskara Institutuari.
Euskara Institutuak Interneten jarrita dituen baliabideen artean, honako hauek daude:
- Ereduzko Prosa Gaur
- Egungo Euskararen Hiztegia (oraingoz, F, G eta H letrak)
- Hiztegi Batua Euskal Prosan (honetan ikus daiteke zein hitz erabiltzen diren gaurko euskaran, adibidez, zein autorek idatzi duten kabendios azken urteetan)
- Lexikoa, Atzo eta Gaur aplikazioa, denen artean berriena, hitzen erabilpenaren eboluzioa jakiteko balio duena.
Aplikazio hauetan, lehenak salbu, beste hiruek eduki librearen lizentzia dute aitortua. Creative Commons Aitortu (cc-by) lizentziarekin jarrita daude sarean.
Aipatzekoa da Egungo Euskararen Hiztegiko hiru letren bilduma hori dela, oraingoz, euskarazko hiztegi libre bakarra.
Erantzunak kargatzen...