Sustatu logoa Teknologia albisteak

ENE sariketa: atzerrian euskara bultzatzen dutenentzat

EuskoSare - Eusko Ikaskuntza
2008-11-20 09:11

Azaroak 27an bukatzen da Eusko Ikaskuntzak antolatutako ENE sarian izena emateko epea. Saria Euskal Herritik kanpo Euskara bultzatzen duten erakundeei zuzenduta dago.

Hirugarren urtez jarraian, Eusko Ikaskuntzak ENE Saria abian jarri du. Horren bitartez, Euskal Herritik kanpo Euskara bultzatzeagatik gehien nabarmendu den erakundea saritu nahi du erakundeak.

1948. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta antolatu zuen lehen aldiz, eta ordudanik urtero abenduaren 3an ospatzen da . Euskara zabaldu eta sustapen lanetan aritzeko helburua izanik, Euskal Herritik kanpo Euskararen zabalkunde eta sustapenean ahalegin gehien egin duen elkartea sarituko du berriro ere EIk.

ENE SARIAren edizio berri honen irabazleak esker on publikoa eta Nestor Basterretxeak Euskararen Nazioarteko Egunerako diseinaturiko burdin eta altzairu herdoilgaitzez egindako anagramaren erreprodukzioa jasoko du.

Hauek dira parte hartzeko jarraitu beharko diren oinarri eta baldintzak:

Hautagaiak

Euskal Herritik kanpo Euskara sustatzeko lanetan diharduen edozein erakundek parte har dezake. Euskal hizkuntza eta horren adierazpideak zabaltzeko lana hartzen da Euskara sustatzeko lantzat: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro.

Saria

Aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako bereziki (Euskararen Nazioarteko Eguna) diseinatu duen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzioa.

Epaimahaia


Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek hartuko du erabakia.

Baloratzeko orduan, Epaimahaiak alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera.

Epaimahaiak saria eman gabe utz dezake.

Hautagaiak Aurkeztea

Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren laburpen bat bidali beharko dute EuskoSarera (info@euskosare.org).

Laburpen horrek gehienez DINA4 neurriko bost orri izango ditu, eta bertan Epaimahaiak kontuan hartzeko interesgarri irudituko zaizkien xehetasun guztiak azalduko dituzte: erakundearen sorrera data; euskararen inguruan urtean burutzen dituzten ekintzak; ikasle kopurua, hala badagokio; argitalpenak eta antzekoak; lorturiko goraipamenak eta sariak; eta abar.

Epeak

2008ko azaroaren 27an, gaueko 24:00etan, amaituko da hautagaiak aurkezteko epea.

Euskararen Nazioarteko Egunean, 2008ko abenduaren 3an, jakinaraziko da Epaimahaiaren erabakia.

Gorabeherak

Sariari buruzko edozein arazo Eusko Ikaskuntzaren baitan erabakiko da.



Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu