
Hala nola Wordle eta Berbaxerka, hemen da Hizki.app, euskarazko hitzekin egunero jolasteko moduko sareko app/jokoa. Azaroan egindako Euskal Game Jam joko garapeneko maratoian garatu zen ideietako bat da. Sartu eta jokatu, hori da Hizki.app ulertzeko modu errazena.
ChatGPT-k euskaraz nahiko ondo ulertu eta zerbait erantzuteko gauza badela konturatuta geunden, baina zelako erroreak egiten dituen ere ikusi dugu, errezeta edo instrukzio barregarri hauen kasuan bezala. Kontua da gaitasun hori asko hobetu da 4.0 bertsioarekin (ordainpekoa). Honekin egindako aprobak zabaldu ditu Beñat Erezuma adituak, eta bikainak dira, ahozko funtzionalitatearena bereziki. Sartu eta ikusi.
Iruñe Astiz eta Eneko Oroz twitzlari eta sareetako ekintzaileek ekitaldi bikoitza antolatu dute biharko, Euskararen Eguna izan dela-eta, eta nazioartean euskarazko jardun digitala zabaltzeko asmoz. Bihar abenduak 5, asteartearekin, 22.00etan izango da ekitaldia. Euskarazko emanaldia Astizen https://twitch.tv/ekintaekin streaming kanalean hasiko da eta Orozen https://Twitch.tv/arkkuso kanalean aldibereko ingelesezko emanaldiarekin osatuko da.
Lehengoan aurreratu genuen Durangoko Kabi@ alor digitalak zer dakarren 2023ko edizio honetan, baina gaur tokatzen da Azokaren zifra nagusiez berba egitea. Etzi asteazkenarekin, abenduak 6, hasten da azoka eta abenduaren 10a arte luzatzen da. Ohikoan Ikasle Eguna lehen eguna izaten bazen, oraingoan hori 7a izango da, zubia edo, eta lehen egunean hain zuzen Kabi@ digitala izango da protagonistan. Gainerakoan, 950 nobedade aurkeztuko dira eta 265 kultura ekitaldi ikusi/entzun ahal izango dira 2023ko Durangoko Azoka honetan.
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta aurreko urteetan bezala, agerraldi instituzional eta soziala antolatu du EAEko Lehendakaritzak. Donostiako Tabakaleran egin den ekitaldian, eta bertan aurkeztu den adierazpen instituzionalean, eremu digitalean euskarak izan behar duen presentzia azpimarratu dute bereziki.
Meme euskaldunak egiteko eta biltegiratzeko Memeka.eus zerbitzuak euskal memeen lehiaketa antolatu du abendurako (hasi da jada eta abenduaren 20an amaituko da). "Abenduan, Memekan, dibertimenduak saria du! Umorea zure indargunea bada, parte hartzeko eta sariak irabazteko aukera duzu. Euskaraz memeak sortzeko zure trebetasuna probatu besterik ez duzu egin behar!
Hitanoa praktikatu eta ikasteko Appa Hi aplikazioak aldaera desberdinekin probatzeko aukerak gehitu ditu azken egunetan. Batetik, Eibarko hitanoa gehitu zaio, eta bestetik Leintz haraneko zenbait herritako formak ere bai: Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako hika lantzeko eta ikasteko aukera.
Aurreratu genuen bezala, aurtengo 2023ko Durangoko Azokako Kabi@ atal digitala Landakoguneko areto nagusian izango da, eta azokaren lehen bi egunetan kontzentratuko da, abenduaren 6 eta 7an, datorren asteazken eta ostegunean.
Urtebete bete da aste honetan OpenAI enpresak ChatGPT txat adimentsua martxan jarri zuelarik. 3.5 bertsioa euskaraz ulertu eta halamoduz erantzuteko gauza izan dela ikusi dugu urtebete honetan, eta jakin badakigu ordainpeko 4.0 bertsioak euskaraz izugarrizko jauzia egin duela. Hurrengo baterako utziko dugu artikulu hori, Beñat Erezuma aditua medio, baina bitartean, kasu barregarri bat: txiolari euskaldun batek errezetak eskatzea otu zaio, eta benetan desastre barregarria da ChatGPT 3.5-ak erantzuten duena.
Bideak (Kazetaritza atalean) eta Lore Hostoak (Komunikazioan) izeneko podkastek irabazi dituzte aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, gaur Andoainen egindako ekitaldian jakinarazi denez. Ekitaldi berean, ohorezko mugarri saria jaso du Menane Oxandabaratzek, Irulegiko Irratiaren sortzaileak.
Duela bi aste piztu nahi izan zuen eskandalua Covite ETAren biktimen elkarteak, Mikel Albisu 'Antza' Aurizberriko irakurle-taldearen koordinatzaile zela, eta hori ezin onartuzkoa zela. Nafarroako Gobernuak ameto egin eta lan hori babesten zuten udalei eskatu zuen lanetik kentzeko Albisu. Mikel Albisu idazlea da, eta ETAko militante izan zen: kartzelaldia bete ondoren libre da, ez du zorrik justizia sistemekin Frantzian edo Espainian, eta libre behar luke halaber lan egiteko. Salaketen aurrean Aurizberriko irakurle klubak agiri bat kaleratu zuen duela egun batzuk, eta atzo, euskarazko beste hainbat irakurle-kluben izenean, talde hauen koordinatzaile batzuek beste agiri bat kaleratu dute: Bai, Eman bakea literaturari.
GetxoBlog topaketaren 15. edizioa izango da bihar Getxon, BiscayTIK fundazioaren egoitzan, eta egitarauaren barruan sari-banaketa bat izango da. GetxoBlog SU Saria jasoko dute, elkarbanatuz, Eibar.org elkarteak eta Sustatu blog / albistegi honek (2001. urtetik hemen matraka ematen!). Eta beste kontu gehiagoren artean, Wikiemakumeok DoNK dokumentalaren pasea (irudia horrena da).
Gaur zortzi, datorren asteko ostegunean (azaroak 30), Greba Feminista Orokorra deitu dute zenbait sindikatuk eta erakunde feministak Euskal Herrirako. "Denon bizitzak erdigunean" leloarekin (grebaren webgunerako domeinu hori bera aukeratu dute), zaintza eskubide kolektibo baten aldeko erreibindikazioa izango da. Honen harira aipagarri, kazetari feministen aldarrikapen bat, atxikimenduak biltzeko zabaldu dutena sarean.
Herenegungo albistearen inguruan (Madonnaren bira berrian berriro euskara) informazio zehatzagoa osatu dugu azken orduetan. Batetik 'Birjina gaztetto bat zegoen' gabon-kanta gisa oso ezaguna dela ingelesez ('The angel Gabriel from heaven came'), apaiz anglikano batek 19. mende amaieran Euskal Herrian ezagutu zuenetik egindako itzulpena bategatik. Bestetik, ez dela nobedadea izan Madonnak aurtengo biran erabiltzea, Kalakanekin 2012ko hartan ere egindakoan ere azaldu baitzen, beste kontestu batean baizik.
Natura argazkilaritzako sariketa bat baino gehiago egiten da han-hemenka. The Nature Conservancy AEBetako erakundeak egin duena ekarri dugu hona irudi ikusgarriak saritu dituztelako eta batek bereziki arreta deitu digulako: argi-oilar eder hori hegan, sekula izen hobeto merezitakorik...
Jardunaldia izango da azaroaren 23an, etzi, ostegunarekin Langune elkarteak antolatuta, gai honen inguruan Kultura eta Sormen Industrietan (KSI) euskara hizkuntza teknologien bidez sustatzea. Errenterian izango da zita, 12.00etatik 14.00etara, Torrekua eraikinean. Euskara hutsezko jardunaldia izango da.
Duela 11 urte bezala, Madonnak euskara darabil bere mundu biran. 2012ko hartan, The MDNA Tour, Kalakan talde euskalduna Madonnaren showaren parte izan zen. Oraingo The Celebration Tour honetan ez dirudi Kalakan partaide zuzena denik, baina Like a Prayer kantu ezagunaren intro bezala agertzen den Birjina gaztetto bat zegoen elizako kantu zaharra grabatu zuen Kalakanek 2009an, eta uste dugu eurena dela parte hori.
Iñaki Sanz-Azkue biologo eta irakaslearen salaketa sare sozialetan: ez askatu etxeko akuarioetako animaliarik mendi eta basoetako putzu edo erreketan. Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatutako Gipuzkoako bazter batean, putzu naturaletan karpak ikusirik, horrek anfibioentzako dakarren arriskua salatu du Sanz-Azkuek. Beste lagun batek iruzkindu duen bezala: "Ez askatu inoiz arrainik (ezta dortokarik ere) urmaeletan ezta putzuetan. Hori ekiditeko modurik onena zuzenean horrelako animaliarik ez erostea, animali exotikorik ez erosi eta are gutxiago mendian askatu. Anfibioen eta burruntzi larben predatzaileak dira."
Berria egunkariak jakinarazi du gaur bere diseinua berritu duela, "modu integralean, webgunean bezala papereko edizioan, eta Iruñeko Somos Errea estudioaren laguntza izan du lan horretan (...), webguneko testuak eta atalak argitsuagoak izango dira, eta irakurterrazagoak".