"Programazio sobietarra" esaten zaio, informatikako argotean, kode ilun-samar baina sendoa idazteko ohiturari, programatzaileak berak sakon ezagutzen duen sistema bat, baina bera gabe mantentzea oso zaila izan daitekeena. Epitetoaren gakoa zera litzateke: "Siberiara bidaltzen banaute, honek ez du funtzionatuko". Hau da, norberaren programazioa hain da ezinbestekoa erakundearentzat non lanpostu hori kentzea ezinezkoa izango den erakundearentzat. Kontu hau mito bat den ala benetan Sobietar Batasunaren informatikaren hastapenetan halakorik izan ote zen, auskalo, baina jakin dugu halako istorio bat, AEBetan izandako epaiketa batean: Programatzaile bat kondenatu dute halako kodea idazteagatik; "Siberiara" bidali zuten (kanporatu), eta enpresako sistemek pott egin zuten.
Davis Lu omen da programatzaile sobietar hau, eta Eaton Corp. delako enpresa batean lan egin zuen. Epaiak determinatu duenez lanpostuaren maila gutxitu egin zioten 2018an, eta ondoren enpresako barne-sistemetan kode puska maltzurrak sartu omen zituen Luk. Hori baino gehiago: gerorako "jokaldi sobietarra" prestatu zuen.
Nonbait "IsDLEnabledinAD" izeneko programatxo bat sartu zuen kodean Luk. Laburdurekin, zera esan nahiko luke horrek: "Ba dago DL [Davis Lu] nominan oraindik?". Hau da, programak kontrolatzen zuen ea enpresako nomina zerrendan ba zegoen Lu, eta egon bazegoen bitartean, dena ondo, baina desagertzen zen egunerako... orduan programak exekutatzen zuen artxibo ezabaketa handi bat, eta prozesu batzuk begizta infinitoetan sartzen zituen. Eta horixe gertatu zen; kanporatu egin zuten Lu, nominatik desagertu zen, IsDLEnabledinAD aktibatu zen, eta ondorioz Eaton Corp.-eko barne sistema informatikoa kolapsatu zen.
Davis Lu errudun jo dute epaian, baina epaileak ezarri zigorra erabakitzeke du oraindik (10 urte arteko espetxealdia izan daiteke). Epaiketan Luk errugabe zela defenditu zuen, kode lerroak han egongo zirela, baina ez zirela berak sartuak.
Hemendik atera dugu albiste honen muina.
Irudia: Eaton Corp. enpresaren Espainiako webgunearen azala. "Inportantea denak funtziona dezan arduratzen gara", diote. Segun eta nor dagoen nominan, izatekotan.
Erantzun
Sartu