Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa dokumentatuago bat ekarri digu gogora: algoritmoak jendearen kalterako eta prezioak igotzeko zein modu sofistikatuan garatu dituzten han.
Espainiako kasuari dagokionez, Más Madrid alderdiak aurkeztu du salaketa Madrilen (Sumar taldearen osagarri bat dira). Albistean ez da esaten zein sistema zehatzekin ari diren Idealista eta Fotocasa, baina "algoritmo adimentsuak" aipatzen dituzte, eta ondorioa dela prezioak igotzea. Konponbiderako edo kontrolerako Mas Madridek eskatzen du merkatuaren erregulatzaile ofizialak (CNMC delakoak) sarbidea izan dezala etxebizitza webguneen algoritmoetara.
AEBetako kasuan, zenbait kasu susmagarri daude baina bereziki deigarria da Tennessee estatuak RealPage sistemari egin dion salaketa. Prezioak gora igotzeko algoritmoa han ere, baina "prezio dinamikoen" sistema gaiztoarekin. Kontu hau, prezio "dinamikoena" ikusi izan da ikuskizun handien salmentan, adibidez, eskaera handiaren arabera saltzaileek automatikoki prezioak igotzen dituztenean.
RealPage-ren kasuan "dinamikotasuna" konplexuagoa litzateke, erabiltzailearen arabera profilak dauzkate eginak (edo erosiak, Meta eta halakoei), eta erosketa gaitasun handiagoaren kasuan, prezioak automatikoki puzten dira alokairu eskaintzaren kasuan. Gainera, RealPage ez da "atari" bat, baizik eta etxe-jabe handiei bere sistema saltzen dien zerbitzu bat. Hau da, milaka etxebizitza alokatzen dituzten fondo putreek beren webgune propioak martxan jartzeko azpiegitura bat da.
Eskala sinpleagoan denok ikusi ditugu "dinamikotasun" adibide horiek. Praktika inozo samar bat izaten da Booking eta halako turismo-saltzaileetan ikusi ohi dugu: hotel bateko gela bat ari zara ikusten, eta sistemak "dinamikoki" esaten dizu une horretan "beste hiru bezero gela hori ikusten" ari direla, eta horixe dela prezio horretan geratzen den azkenetakoa...
Informazio gehiago, Espainiakoa / Estatu Batuetakoa. Irudia, Fotocasa atarian alokairuak Donostian.
Erantzun
Sartu