Atzo nire Chromecast gailuak funtzionatzeari utzi zion. Mugikorretik telebistara edukia bidaltzeko erabiltzen dut, eta bat-batean, ez zebilen ez Youtubeko bideoak konektatzeko ezta ordaintzen dudan streaming plataforma bateko edukirako. Amatatu-piztu ariketak eta beste gauzatxo batzuk egin ondoren, pentsatu nuen: ez ote da arazo globala? bai, horixe zen. Chromecast modelo gehienek funtzionatzeari utzi diote. "Urrutiko matxura" bat da, eta ez asteko matxura posible bakarra: HP inprimagailu askok ere funtzionatzeari utzi diote, eta Europako analista militar batzuk ere uzkur agertzen hasi dira ea ez ote dioten F-35 gerrako hegazkin amerikarrak Europan funtzionatzeko gaitasunik gabe geratuko. Hau da, "urrutiko matxurak" izan daitezke gauza hauek, edo "urrutiko amatatzeak". Interkonektibitatearen mendeko teknologiarekin ari garela: gailu bat saltzen dizunak erabaki dezake, nonbait, zure gailuak noiz arte funtzionatuko duen.
Chromecast eta HP inprimagailuen kontuan firmware eguneraketak omen dira kontua. Hardware jakin batean fabrikatzaileak ezartzen duen software kontrolatzailea da firmwarea. Gaur egunean, gailuak Internetera konektatuta badaude, firmware hori etxetik eguneratu dezake fabrikatzaileak.
Eguneraketa onuragarriak, ustez, firmwarearenak. Baina okerrak gerta daitezke. HP inprimagailuarenak nonbait ez du uzten inprimatzen baldin eta tinta kartutxoak HP markakoak diren!
Baina horra hipotesi maltzurra: ez badira "urrutiko matxurak" eta bai aldiz "urrutiko amatatzeak"? Agian HPk nahi duena da beste marka batzuetako kartutxoak desgaitu, eta errorea gertatu da marka zehazten (norberarena debekatu, alternatiboak baizik).
Eta Google/Chromecast auzia matxura ala maltzurkeria den ere ikusteko dago. Chromecast produktu lerroari amaiera eman nahi izan dio Googlek, Google TV Streamer izeneko gailu osoago (eta hiru bider garestiago) batekin, baina hori egitearekin batera gailu zaharrak desaktibatu nahi ditu? Iaztik dago merkatuan TV Streamer hori, baina zertarako beharko nuke nik bat, Chromecastak ondo funtzionatzen badit?
Gailu hauekin gertatzen dena arma modernoekin ere gerta daitekeela adierazi dute batzuek. Europako "defentsa arazo" horien harira, Ukrainian AEBk jada ez dutela laguntzen kontuan hartuta, batzuen zalantza da: AEBetan egindako arma eta gailu militarrek funtzionatzeari utziko ote diote Europan? switch-off botoia Etxe Zurian balego zer? F-35 gerrako hegazkinekin omen dago beldur hau.
"Defentsa kezkak" aipatzen ditugularik, badirudi horixe dela kezka Europan orain. Batzuek "aukera" bezala saltzen digute, Eusko Jaurlaritzako sailburu batek baino gehiagok hauxe defenditu du. Mikel Jauregi industria sailburuak Irratian esan duela irakurri dut, eta argi mintzatu da Maria Ubarretxena bozeramailea. Norabide hori baino, ez ote da komeni beste bat? Joxe Rojasek esan du Mastodonen:
Europa 'berrarmatzea' baino, ez da urgenteagoa, zer dakit nik, Trumpen kontroletik kanpo dagoen sistema eragile edota ofimatika suite bat bultzatzea? Esparru horretan ez dago euskal enpresentzako aukera zoragarririk? (...) Zer gertatzen da Trumpek bihar 'Huawei' bat egin eta derrepente erabakitzen badu Applek eta Microsoftek ezin dutela Europan zerbitzurik eman? Edo ez dakit zer tasa berezi jartzen badu?
Horixe bera uste dut nik.
Baina, zer egingo diogu, hemen eta orain, "interkonektibitatearen arriskuak" beste batzuk omen dira. Reala, Alavesek, Osasunak eta Athleticek ligan jokatzen dutenean, Euskaltelek (eta beste batzuek) konexioa eteten die zerbitzua zintzo ordaintzen duten bere bezeroei, Berria eta Egunean Behin eta beste hainbat zerbitzu (Real Acadenia de la Lengua espainola ere bai nonbait) kontsultatu ezinik utzita, LaLiga erakundeak agintzen duelako.
Garapen teknologiko eta ekonomikoaren alde; seriotasun pixkatekin, arren.
(Irudia: mugikorrarekin eta Chromecastekin euskarazko edukia igortzen telebista batera; baina irudia ez da gaurkoa, ze gaur nire Chromecasta ez dabil)
Artikulu interesgarria, Luistxo. Hau irakurri ondoren, saiatu naiz Youtubeko bideo bat bidaltzen etxeko telebistara Chromecast bidez, eta dena joan da ondo, arazo barik.
Atzo ere 40 bat minutuko dokumental bat ikusi nuen Youtube bidez, arazo barik. Hori bai, hamar bat aldiz eten zuten igorraldia, aldiko bi iragarki sartzeko. Nazkatu egin ninduten.