Teknologia albisteak

Gimp 3.0 kaleratu da, eta euskaraz dago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 16:12

Software libreko munduko programa funtsezkoetako batek, GIMP-ek, 3.0 bertsioa kaleratu du. Hamarkada pasa egon da GIMP 2-puntu bertsioetan, eta eguneraketak izan ditu, noski; baina garapen gehigarri esanguratsuak dituela esan nahi du 3.0 bertsioa kaleratu izanak. Irudiak moldatzeko programa hau euskaraz dago gainera.

Interfazearen aldetik berrikuntzak ditu 3.0 bertsioak, CSS bidez aplikaziorako gai pertsonalizatuak gehitzeko aukera, eta tablet-etarako ukipen-interakzio hobetua, besteak beste.

Tresnen aldetik, edizioan aldaketa sakonagoak probatu eta egiteko aukera dago. "Edizio ez-suntsitzailea" deitzen diote garatzaileek honi; hau da, lanaren garapenaren puntu jakin batean, diseinatzaileak sar ditzake oragazkiak, efektuak eta bestelako edizioak berehala aplikatu beharrik gabe: esperimentatu eta doitzea errazagoa da horrela, banakako ekintzekin probatu-desegin egiten ibili beharrean.

Testua gehitzeko orduan ere modu ez-suntsitzaile hori garatu da. Testua oihal paraleloan edita daiteke eta trazuekin, itzalekin eta beste efektu batzuekin molda daiteke, irudi edizioan aldi berean lan egiten duzun bitartean.

Hau guztia, euskaraz dago, bide batez; irudi honetan interfazeko adibide bat:

Halaber, GIMP 3.0- Photoshop (.PSD) fitxategiak irekitzeko modua hobetu da. Horixe da, hain zuzen, GIMP-en parekoa edo lehia nagusia, Photoshop. Lizentzia bidez lan egin daiteke Photoshopekin, Adobe enpresari ordainduz, eta morroitza hori are gehiago ari da handitzen online funtzionatzen duen sistema batera eraman baitu bere irudigintza Photoshopek. Haien konexio apeta eta beharretara lotuta dago gero eta gehiago Photoshopen erabiltzailea. Online dabilen beste sistema bat da Figma, Interneteko diseinuan oso erabilia hau ere, Adobek erosi nahi izan duen sistema. Horietatik askatzeko modua da GIMP.

GIMP 3.0ren ezaugarriez gehiago jakiteko, hemen.

Deskargarako, https://www.gimp.org/downloads/ 

 

Erantzun

Sartu