Teknologia albisteak

Laster hilko da Skype

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 09:02

Microsoft-ek iragarri du datorren maiatzaren 5ean hilko dela Skype, hemen irakurri dugunez!. Interneteko zerbitzu berritzaile eta ezagunenetakoa izan zen 21. mende honen lehen bi hamarkadetan, eta gerora ere iraun zuen, baina 2020ko pandemiarekin batera beste bideo-konferentzia sistema batzuen gorakadarekin zaharkitua geratu zen.

Skype jaio zen 2003. urtean Niklas Zennström eta Janus Friis enpresa-ekintzaile suediarren eskutik, Estoniako garatzaile talde batekin batera. P2P protokoloak erabiliz ahost-bidezko Internet deiak eta konferentzia anitzak egiteko sistema berritzailea izan zen, eta azkar zabalkunde handia lortu zuen.

2005. urtean eBayk erosi zuen 2.500 milioi dolar ordainduta. 2008an, euskarazko bertsio bat garatu zen elkarlanean, Sustatun argiaratu zen bezala (irudia ordukoa berreskuratu dugu); orduan Interneten bazebiltzan ohikoa izaten zen zure Skype helbidea ere parrekatzea.

2011n Microsoftek erosi zuen zerbitzua eta urte berean bideo-deioen frogak hasi ziren, zeinak orokortu egin ziren doako bertsioetan 2013tik.

Baina beste hamarkada batez nagusi samar izan arren bere esparruan, duela 5 urte Covidaren pandemiako itxialdia izan zenean, justu beste zerbitzu batzuk ari ziren goraka egiten, eta telelanaren premia bat-batekoa halako baten nagusitasuna finkatu zuen: Zoom gailendu zen Skyperen gainetik bideo-deiak egiteko tresna gisa. Zoom-ekin batera, ordutik, Jitsi software libreko alternatiba on bat da.

Skyperen hilkuntzako iltzea, dena dela, Microsoftek berak jarri zion, bere sareko zerbitzuen telekonferentzia tresna, Teams, bultzatzea erabaki zuelako. Orain ere, horixe gomendatzen die Microsoftek Skypen geratzen diren azken mohikanoei: Teams-era pasatzeko. Tira, guk ezin dugu Teams erabiltzea gomendatu zeren eta Microsoft-en Sharepoint eta beste zerbutzu batzuk bezala, hagineko mina bezalakoa izan daiteke erabiltzen asmatzeko batzuetan. Googlek ere Temas bezalako beste alternatiba bat zabaldu du azken 5 urte hauetan, bestalde: Meet deritzona.

Tira ba, eternitateak atseginez har zaitzala Skype, agur!

Erantzun

Sartu