Teknologia albisteak

2025eko Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:31

Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak Ajuriaenea ondoko Elkargunea espazioan, eta bertan 2025erako adostutako adierazpen instituzionala irakurri zen 10 lagunen artean (albistea Irekian, bertakoa da halaber honako argazkia, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz sailburuarekin). Adierazpena UEMAk, EUDELek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek adostutakoa izan da aurten.

Adierazpena irakurtzeaz gain, Imanol Pradalesek hartu zuen hitza esateko euskararen herri erronka estrategikoa dela. Euskararen biziberritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzeko lanean ari dela Jaurlaitza gehitu zuen, Jauzia Gara izendatu duten prozesuan.  "Eta horretan ari gara, guri dagokigunetik bide berriak eta konplizitate berriak lortzen, eta elkarrekin euskararen etorkizuna marrazteko prozesuak lantzen, ‘Jauzia Gara’ estrategiaren baitan", adierazi zuen Pradalesek.

2025eko adierazpen instituzionalari dagokionez, jarraian duzue testua, neurtitz eran idatzi da.

Euskara Zugan, Nigan, Gugan

Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra
gazte bihurtu du.

Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa
da.

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du
komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.

Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz
hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko
unea.
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko
eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko.

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen
beharra du.
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari
distira emateko,
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da!
Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.
Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan.

Erantzun

Sartu