Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak bezala, Euskararen Nazioarteko Egunaren motiboz, Taupa Mugimenduak ere agiria kaleratu du gaur, 'Gure txinpartak' esan dioten manifestua. Kontseiluak bezalatsu, honetan ere dei egiten dute abenduaren 27ko Bilboko Pizkundea ekitaldirako. Oldarraldi judizialari ere egiten zaio erreferentzia, adibidez izenbururako aukeratu dugun esaldu horrekin: "Pentsatzekoa da, akaso, oldartzen diren horiek benetan sinesten dutela badagoela jauzi egiteko aukera, eta horregatik tematzen direla aukera hori zapuzten."
Hona Tauparen manifestua, 2025eko Euskararen Egun honetarako:
Sua piztuta mantentzea ez da edonolako kontua. Egur lehor eta trinkoa behar izaten da. Tentuz jarri behar izaten da, pixkanaka eta egurrak arnasteko tarteak utziaz, bat-batean egur gehiegi jartzeak sua ito bailezake. Txingar-ohe sendo bat jartzea komeni da, beroari eutsi eta egur berria piztu ahal izateko. Haize zakarra dabilenean, babesa jarri behar izaten da, sua sakabanatu edo itzal ez dadin. Sua piztuta mantentzea ez da edonolako kontua, ez: etengabeko zaintza eta ahalegina eskatzen ditu, sekulako oreka lana. Eta hori horrela izanda ere, nahikoa al da noizbait piztu zen horri eustea? Nahikoa al da bizirautea?
Belaunaldi bakoitzak haren aurrekoek piztutako garrak jasotzen ditu, eta horrekin batera, atzetik datozenei sua zein egoeratan utziko dien erabakitzea dagokio. Azken hamarkada luzeetan, belaunaldi bakoitzak berea eman du euskararen biziberritzean, unean uneko erronkei hobekien jakin izan duen moduan aurre eginez, batzuetan eutsiz, eta beste batzuetan euskararen garra indartuz. Garai ilunetan, pizkunde eta loraldiak eragiteko gai izan gara euskaltzaleok: XIX. eta XX. mendeen arteko jauzian, Lore Jokoekin, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrerarekin edo literatura modernoaren garapenarekin; 60, 70 eta 80ko hamarkadetan, euskal kantagintza berriarekin, ikastolen mugimenduaren hedapenarekin, Euskara Batuarekin, helduen euskalduntze eta alfabetatzearekin, edo euskarazko unibertsitate, komunikabide eta euskara elkarteen sorrerarekin.
Inor gutxik pentsatuko du pizkunde eta loraldiak euskararentzat garai errazetan etorri zirenik. Erronkak itzelak ziren orduan, eta alderaketatan galdu gabe, itzelak dira egun. Korrontearen kontra ari gara. Globalizazioak eragindako korronte homogeneizatzailea hizkuntza gutxitu eta txikien kontrako norabidean dator, eta geroz eta modu basatiagoan kolpatzen ari da hegemonikoak ez diren hizkuntzak, kulturak eta herriak. Orain gutxi Euskalgintzaren Kontseiluko kideok Arantzazun adierazi dugun bezala, mundua hizkuntza minorizatuen kontra dator, baina guk euskara eta gainerako hizkuntza zein kultura minorizatuak ditugu munduaren alde.
Jokaleku honetan, egoera soziolinguistikoaren bilakaera arduraz bizi dugu: euskararen ezagutza, oro har, goranzko bidean badabil ere, hiztun askok euskaraz eroso jarduteko gaitasun kamutsa du, erabileran ez da aurrerapauso esanguratsurik eman, eta eremu euskaldunenetan galerak gertatzen ari dira. Gauzak ezberdin egiten hasten ez bagara, atzera egiteko arriskua daukagu. Eta argi esanda, horretarako eskumena ere mugatu egin zaigu: Nafarroako zati handienean eta Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala ez izateak ondorio larriak ditu hizkuntza politika iraunkor eta emankorra egiteko orduan, eta hori aski ez, eta azken aldian bizi dugun oldarraldi politiko eta judizialak ikusarazi digu, euskara ofiziala den eremuetan ere, euskara biziberritzearen aldeko lege babesak arrakalak dituela.
Kasualitatea al da oldarraldi hori indartu izana noiz eta batzuk eta besteok, han eta hemen, jauzi baten premiaz ari garenean? Eszenatoki berriak irudikatzen ari gara, baina sua babesten, orain arte lortutakoa defendatzen nahi gaituzte. Pentsatzekoa da, akaso, oldartzen diren horiek benetan sinesten dutela badagoela jauzi egiteko aukera, eta horregatik tematzen direla aukera hori zapuzten. Zeren, badaude sinesteko arrazoiak: mende erdiko ahalegin kolektiboari esker, euskararen ezagutza ia orokorra da eremu askotako belaunaldi gazteetan; beste garai batzuetan ez bezala, egitura publiko eta sozial asko dugu antolatuta euskararen alde, baita, euskaraz jakin edo ez, aldeko agertzen den gehiengo sozial baten bultzada ere; eta sarri baldintza kaxkarretan bada ere, kalitate handiko kultura ekoizten ari den sektore bat dugu. Gogora dezagun euskarak bizi izan dituen pizkunde eta loraldietan rol erabakigarria izan duela kulturgintzak.
Ez gaitezen erratu; ez da suari eusten geratzeko garaia, garra indartzekoa baizik. Asko baitugu irabazteko: euskaraz bizi ahal izango den herria herri hobea izango baita; justuagoa, berdinzaleagoa, kohesionatuagoa, eta zoriontsuagoa. Indarrak batzeko garaia da, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztekoa. Euskara elkarte eta euskaltzaleok jarraituko dugu ausart jokatzen, geure burua eta mugimendua berrasmatzen ahalegintzen, herri proiektu ilusionagarri baten alde ekiten. Konspiratzeko unea da, elkarrekin amestekoa, eta horretarako, hitzordu garrantzitsu bat dugu euskaltzaleok abenduaren 27an: milaka buru eta bihotz taupa-taupa ariko gara Bilbao Arenan, etorkizun hobe bat irudikatzen, gure txinpartak pizten.
Erantzun
Sartu