Teknologia albisteak

Goienaren 25. urteurrenean, Interneteko garapenak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 12:27

Goiena Komunikazio Taldeak 25. urteurrena ospatu zuen herenegun, Bergaran egindako ekitaldi batean, eta gustura joan ginen CodeSyntax-eko lankide talde bat haiekin jaia egitera. Gure enpresaren adina ere horixe da, eta hasieratik kolaboratu dugu Interneteko kontuetan Goienarekin. Haien historian geuk parte hartutako zatiarekin harro, zorionak Goiena!

400 lagun inguru elkartu ginen ospakizunean: Goienaren kolaboratzaileak, irakurleak eta ikus-entzuleak, bezeroak, egungo lankideak eta lankide izandakoak, euskalgintzan dihardutenak, Debagoieneko alkate eta zinegotziak, Gipuzkoa eta EAE mailako ordezkari politikoak, kirol eta kultura arloko ezagunak…

Photocall batetik pasarazi zituzten asko, eta gu ere, hala, horretara:

Beste photocall serioago bat ere bazegoen, baina gu interfaze barrura bideratu gintuzten, zer egingo diogu ba. Pose dotorean belauniko Asier Sarasua, eta gero ezkerretik Luistxo Fernandez, Zaloa Etxaniz, Josu Azpillaga eta Ion Lizarazu.

Ekitaldia bikain zuzendu zuen Kepa Errasti aktoreak, abeslari ere bihurtuta. Gomuta politekin, eta aurrera begirako erronken aipuarekin osatu zuten solasa oholtzatik Goienakideek eta agintariek. Eta gero, bertaratuen artekoak eta, gure aldetik, memoria teknologikoak ere bai.

Izan ere, Goienaren lehen urratsak Interneten 2001. urtean gauzatu ziren CodeSyntax-ekin batera: honako albistegi hau, Sustatu, elkarren artean sortu eta ekoitzi genuen urte batzuez. Handik gutxira, 2003ko azaroan, leiho propioa ireki zuen Goienak sarean, Goiena.net, eta Sustatuk bere bidea egin du jada CodeSyntaxen kudeaketarekin harrezkero.

Atzera begiratuta lehen diseinu hura primitiboa irudituko zaigu orain beharbada, baina aipamenak ere jaso zituen bere garaian sariketaren batean (2004an), albistegi dinamiko eta partehartzailea zelako.

2010. urtean, Goienaren 10. urteurrenarenakin Goiena.net hura berdiseinatzen lagundu genuen, eta orduan estreinatu zen logoak astelehen honetara arte iraun du, non berrituta ageri den berriro PuntuEusak ditugunetik Goiena.eus izena hartua duen webgunean.

Une honetan Goiena.eus Tokikom plataforma deritzon azpiegituraren gainean egina dago, Tokikomek hainbat tokiko hedabide lotu dituen bezala, Interneterako oinarri bateratu eta malgua erabiltzen duelako, hori ere software librearekin CodeSyntaxek garatua.

Datozen urteotan elkarrekin gauzak egiten eta asmatzen jarraituko dugulakoan, urte askotarako Goiena!

 

Erantzun

Sartu