Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, bosgarren urtez, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar eta Irurako 218 saltokik hartuko dute parte, otsailaren 3tik 11ra.
Establezimendu bakoitzak (ikusi parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere, GINKANA batean parte hartzeko aukera izango da. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi, eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta haien QRak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko zaio. Horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa zabalduko da otsailean Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordizian.
Ekimen hau duela bost urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan. STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek Generoaren ajeak izeneko saio berezia eskainiko du otsailaren 8-9ko asteburuan ETB1en eta ETB2n. Egoera larri bat bistaratuko du saioak: ikerketek erakusten dute emakumeek ez dituztela tratamendu mediko egokiak jasotzen sexu- eta genero-aldagaiak ez daudelako txertatuta praktika medikoan, ezta ikerketa zientifikoan ere. Ana Bernal Chico UPV/EHUko ikertzailearekin, arazoaren muinera joko du saioak.
Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko egunerako, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenaren 9. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diren beste 34 erakunderekin: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biobizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU), Vicomtech, CIC bioGUNE, ESS Bilbao eta BBD BioPhenix SL-Biobide. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus
12 EMAKUME ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean:
Erantzun
Sartu