Bost urte bete dituearik, Elia, Elhuyarren itzultzaile automatikoa, idatzizko itzultzaile soil izatetik, entzun eta hitz egitera pasatu da. Gainera, Eliaren erabiltzaileek itzulpenak baloratzeko aukera izango dute, eta bere garapenaz informatzek, bloga ere badu orain Eliak.
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak bost urte bete ditu, eta berrikuntza garrantzitsu batekin dator: ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera. Berrikuntza honekin, Elia itzultzaile soil izatetik entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna izatera iritsi da, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa).
Gaur-gaurkoz, Elhuyarren plataforma arrakastatsuenetako bat da Elia, etengabe berritzen ari den plataforma, eta horren adierazle da iaz TTS teknologia txertatuz itzulpenak entzuteko eskaini zuen aukerari, orain, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera gehitu zaiola. Berrikuntza hauekin guztiekin, euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi du Elhuyarrek, gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan.
Ahots bidezko itzulpenak egiteko aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, hitz egingo diogun hizkuntza aukeratzea eta hitz egiten hastea. Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango digu guk aukeratutako hizkuntzan.
Ahots bidez itzulpenak egiteko aukera 6 hizkuntzatan erabil daiteke. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau; aurrerago, mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.
Berrikuntza garrantzitsu honetaz gain, kalitatean ere salto handia eman du Eliak, eta horren adibidea da euskaratik frantsesera/frantsesetik euskara eta euskaratik ingelesera/ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenak askoz hobeak direla.
Eliak erakutsi du egungo beharren mailan egoteaz gain, abangoardiako teknologiarekin lidergoan jarraitzen duen tresna dela. Horrez gain, euskararen eta beste hizkuntza batzuen kudeaketan eta sustapenean bidea markatzen jarraitzen du, teknologia hizkuntza-oztopoak gainditzeko aliatua izan daitekeela erakutsiz.
“Baloratu itzulpenak” eta Bloga
Eliak itzulpenak baloratzeko funtzionalitate berria jarri du martxan. “Baloratu itzulpenak” funtzionalitate berri honekin, erabiltzaileek aukera izango dute itzulpen bat egokia den ala ez adierazteko. Hatz lodia gora eta hatz lodia behera emotikonoak erabiliz baloratuko dute itzulpenaren kalitatea.
Erabiltzaileengan pentsatuz Eliak Bloga ireki du. Horrela, erabiltzaileek aukera izango dute plataforman bertan Eliaren funtzionalitate guztien berri izateko, eta baita egiten diren berrikuntza guztien berri ere.
Bost urte berrikuntzak egiten
Bost urte hauetan, Eliak garapen teknologiko handia izan du, eta etengabe funtzionalitate berriak eskaintzen dituen plataforma berritzaile gisa sendotu da. Urtetik urtera Eliaren erabilerak gora egiten du; azken urtean, esaterako, % 42 igo da plataformaren erabilera.
Erantzun
Sartu