Wisdom izeneko albatrosa da ezagutzen dugun hegazti basati zaharrena. Laysan espezieko (Phoebastria immutabilis) albatros eme bat da eta 1956. urtetik jarraitzen dute zientzilariek, orduan harrapatu eta eraztundu baitzuten, 5 urte inguru zituenean. Aurten ere, Hawaii uharteetako Papahānaumokuākea naturgunera itzuli da, eta bere haur txikia ere jaio da dagoeneko (irudian). Wisdomen 40. txitoa dela kalkulatzen dute ikerlariek, gutxi gora-behera. Bere adinarekin eta izandako kume kopuruarekin, marka ezagun guztiak gainditzen ari da Wisdom, eta harri eta zur uzten ditu zientzilariak urtero-urtero.
Pare bat hilabete falta dira Izarretako Gerraren hurrengo atala estreinatzeko. Abenduaren 18an izango da estreinaldia, eta atzo bertan argitaratu zuten trailer ofiziala. Indarra iratzarri da!
Bi aldiz mundiala: mundu osokoa delako, eta benetan aparta delako. 2002. urtean sortu zuten Estatu Batuetan eBird aplikazioa, Cornell Universityko Ornitologia Laborategiak eta Audubon Elkarteak. Funtsean, hegazti-behaketak gorde, antolatu eta banatzeko aplikazioa da. Hasiera batean Estatu Batuetara mugatua zegoen, baina azken urteotan mundu osora hedatu dute, eta orduan etorri zaio benetako eztanda eta ospea. Gure artean ere nahiko ezaguna egiten hasi da (gutxienez ornitologo gipuzkoar eta nafarren artean). Une honetan 169 herrialdetako informazioa jaso eta zabaltzen du, eta hilero 6 milioi zerrenda berri gehitzen zaizkio datu-base erraldoiari. Mundu guztiko hegazti eta ornitologoen datuak, guztiontzat eskuragarri eta zientziaren lagungarri. (jatorrizkoa, Eibartik blogean argitaratua, cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria).
Kataluniako Gobernuak udan aurkeztu zuen Kataluniako hizkuntzen erabileraren inguruko azken txostena: Enquesta d’Usos Lingüístics 2013. Katalunian bost urtetik behin egiten den inkesta da, eta bertan batutako datuen arabera, Kataluniako biztanleen %94ak ulertzen du katalana eta %80a hitz egiteko gai da. Erabilerari dagokionez, %50,7 gaztelaniaz mintzo da nagusiki eta %36,3 katalanez. Araneraren inguruko datuak ere biltzen ditu txostenak.
"27-0". Ez, ez da Mundialeko emaitza bat; gaurko Txile-Espainia partiduko gol-txortia. Euskeriak gaur Eibarren jasotako pasadia da.
2014ko ekainak 18, arratsaldeko 18:15, Ipuruako udal igarilekua. Ume eta gazte kuadrillaz beteta. Euren artian bueltatxo bat emon dot, ia zenbat ete zebizen euskeraz. Kontuak ataratzia erreza izan da: %0.
27 kuadrilla eta talde, 7-8 urtetik hasi eta 18-20 urtera bittartian, ikastetxe desberdiñetakuak: bakar bat bez euskeraz. Bakar bat bez, hutsa, zero.
Esango deste apokaliptiko, ezkor eta katastrofista hutsa naizela. Horixe izango da.... 27-0.
Susako editore Gorka Arresek (@armiarma) eman ditu kopuruak asteburu honetako Sautrelan (8. minututik aurrera ggb): liburu digitalak saltzen hasi zirenetik, duela 2 urte, 1652 ale saldu dituzte; alegia, bi urteko ahaleginak 1652 euro eman dizkio argitaletxeari (euroa liburuko). Horra hor gure merkatuaren egungo neurria eta ebook-en etekin ekonomikoa. Gorka beraren hitzak: "barregarria da". Bidea egitea ez da beti erraza..., eta eskerrik asko Susa! Orain galdera da: zer etorkizun dute euskarazko liburu digitalek?