Teknologia albisteak
4

Munduko hegaztirik zaharrena, 65 urteko Wisdom albatrosa, ama izan da berriro

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-15 : 11:06

Wisdom izeneko albatrosa da ezagutzen dugun hegazti basati zaharrena. Laysan espezieko (Phoebastria immutabilis) albatros eme bat da eta 1956. urtetik jarraitzen dute zientzilariek, orduan harrapatu eta eraztundu baitzuten, 5 urte inguru zituenean. Aurten ere, Hawaii uharteetako Papahānaumokuākea naturgunera itzuli da, eta bere haur txikia ere jaio da dagoeneko (irudian). Wisdomen 40. txitoa dela kalkulatzen dute ikerlariek, gutxi gora-behera. Bere adinarekin eta izandako kume kopuruarekin, marka ezagun guztiak gainditzen ari da Wisdom, eta harri eta zur uzten ditu zientzilariak urtero-urtero.

65 urterekin, aitatxi-amatxi zaharrunoak gara gizaki gehienok. Baina hara non, 65 urteko albatros batek, Wisdom izeneko Laysan albatros eme batek, aurten ere bere kumetxoa izan duen; bere 35-40. kumaldia dela kalkulatzen dute Midway Atoll National Wildlife Refuge parkeko ikerlariek. Azken 10 urteotan 6 kumaldi izan ditu, hori behintzat ziur dakigu.

Wisdom zaio izena, amama honi. 1956. urtean harrapatu zuen biologo batek, eta eraztuna ipini zion, bere ibilerak ikertzeko. Gutxienez 5 urte zituela kalkulatu zuten orduan; 1951. urtean jaioa, beraz. Hainbat urtez pista galdu zitzaion, baina 2001. urtean, berriz ere albatrosak aztertzen eta eraztuntzen ari zirenean, Parke Naturaleko biologoek harrituta ikusi zuten harrapatutakoetako bat Wisdom bera zela (orduan ipini zioten izena, 50 urte zituela).

Ondorengo irudietan ikusi dezakezue, bere kume jaioberria zaintzen, hanketan 2 eraztun dituela: 1951an ipini zioten metalikoa eta 2001eko berri gorria (azken gorri horri esker, urteotan askoz errazago egiten zaio jarraipena Wisdomi).

Wisdom albatrosaren ibilerak eta datuak

Laysan albatrosa (Phoebastria immutabilis) Ipar Pazifikoan bizi den itsas hegazti handi bat da (albatrosen artean txikienetarikoa, hala ere). Urtean zehar hegaldi luzeak egiten dituzte ozeanoetan barrena, baina kumaldia iristen denean, Hawaiiko ipar mendebaldeko uharteetan biltzen dira gehientsuenak; 2,5 milioi albatros elkartzen dira urtero Midway Atoll National Wildlife Refuge parkean (munduko populazio osoaren %98 inguru). Txito bakarra izaten dute kumaldiko. 

Laysan albatrosak, hegazti handi asko bezala, monogamoak dira, eta bizi guztirako izaten dute bikote berbera. Wisdomen kasuan, hain zaharra izanik, badirudi gutxienez 2-3 bikote ezberdin izan dituela bizitzan zehar. Oraingoak Goo du izena, eta bikoteak otsaila hasieran izan duen txito jaioberriak Kūkini. Ikerlariek estimatzen dutenaren arabera, Wisdomen 35-40. kumea izan daiteke. 

Wisdomek harrituta dauzka ikerlariak. Izan ere, bere espezieko hegazti gehienek 30-35 urteko bizi iraupena izaten dute. Gainera, orain arte uste zen, bizi iraupen handiko hegazti emeak antzu bihurtzen zirela adin batetik aurrera (gizakiaren kasuan bezala). Usteak erdia ustel, gutxienez Wisdomen kasuan. 

Orain gutxira arte, beste albatros batek zeukan adin marka handiena, Diomedea sanfordi espezieko beste albatros eme batek. Grandma izena jarri zioten eta 61 urtera arte ikusi zuten bizirik Zeelanda Berrian.

Parke Naturaleko ikerlarien kalkuluen arabera, bere bizitzan zehar 4,5 milioi kilometro inguru egin ditu hegan Wisdomek, Pazifikoko uretan barrena; lurretik ilargira bospasei joan-etorri egiteko lain.

MVI_4259

Informazioaren irudia eta iturri nagusia: npr.org. Wisdomi azken urteotan egin zaion jarraipenaren berri, Midway Atoll parkeko webgunean eta albiste honetan.

Erantzunak

2016-02-15 : 14:00

Goiko artikulu interesgarri hau sinatzen duen Asier Sarasua biologo eta txorizale jatorraren beste ekarpen bat: Le Peuple Migrateur dokumentalaren azpidatziak euskaratu berri ditu: http://azpitituluak.com/euskaraz/1304375531

Natura maite dutenentzat gomendagarria, hegaztien migrazio harrigarriak dira filmaren gaia.

2016-12-14 : 12:13

65 urte ez ezik, 66 urte ere hartu ditu Wisdom albatrosak, munduko hegaztirik zaharrena denak. Eta arrautza errun du berriro. Aupa Wisdom! Joan zen astean berriz ikusi zuten Hawaiiko bere kumatze eremuan: https://www.seo.org/2016/12/14/wisdom-returns/

2017-12-23 : 19:18

Lortu du! "Wisdom albatrosa", munduko hegaztirik zaharrena dena (67 urte), berriro itzuli da bere ugalketa-lekura eta aurten ere arrautza bat errun du. Aupa Wisdom! ;)
http://usfwspacific.tumblr.com/post/168787067605/wisdom-the-oldest-known-albatross-returns-to

2018-12-11 : 08:50

Aurten ere itzuli da Wisdom albatrosa bere uhartera. Munduko hegaztirik zaharrena da, eta 68 urte bete dituen eme honek aurten ere beste arrautza bat errun du. Aupa Wisdom! #natura #WisdomIsBack
https://news.sky.com/story/wisdom-the-albatross-worlds-oldest-known-bird-lays-another-egg-11576483

Erantzun

Sartu