Atzo Twitterreko lagunarte batean ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, euskalkien mapak edo euskararen hedaduraren mapak zaharkituta daudela, eta beharko genukeela izan euskararen mapa bat hiztun euskaldunen kopuru absolutoak marraztuko lituzkeena. Ordu gutxi batzuen buruan, lehen proposamenak hemen ditugu.
Hona, euskararen euskalkien mapa horietako bat, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren euskalki sailkapenari kasu egiten diona, eta Wikipedian jasotzen dena.
Mapa horien mugetatik kanpo, bereziki Hegoaldeko hiriburuetan hiztun ugari dagoela kontuan harturik (eta ez bakarrik hiriburu horietan), hiztunen kopuru absolutoak marraztuko lituzkeen mapa bat ondo etorriko zitzaigun.
Portzentaien mapak ere ez du hori ondo adierazten, hiztun gutxiko eskualdeak direlako puntu gorriak sarri...
Beraz, mezu truke batzuen ondoren, mapagile batzuk animatu egin dira. Hona lehen hurbilpen bat, Unai Fernandez de Betoñok egina:
Ondoren, eskualdekako bertsio bat egin zuen, batzuen gustorako argiagoa.
Asier Sarasuaren ekarpena beste hau izan da:
Eta, azkenik (oraingoz), Beñat Arregik CartoDB tresna erabiliz egin duena, zeinean, gainera, erabilera mailaren araberako koloreen erlatibotasuna ere sartu duen, argitik ilunagora, erabilera txikitik handiagora.
Zoom eginda gerturatzeko bolen tamainak ikuskatzea galerazten du nolabait, baina sagua pasatuz herri bakoitzeko bolatik erabilera portzentaia eta hiztun kopurua ikusten ahal da.
Benetan interesgarria, baina, ohi bezala, ez dakit oso ados nagoen kontu batzuekin. Egia da Zuazorena bezalako mapa batek errealitatearen zati bat uzten duela kanpo ("euskalki tradizionalez" haragokoa), baina uste dut mapa batzuen (hemen "zaharkitu"-tzat jotzen direnak eta bestetzuen (orain plazaratu direnak) arteko aldea gehiago dela helburu kontua: euskalkien mapa batek dialektoen eremuak eta dialektoen arteko etenak, jarraitutasunak, zubiak, etab. irudikatzea du helburu; orain plazaratu direnek hiztun kopurua eta erabileraren indarra adieraztea. Ez dakit, ez ditut maila berean ikusten, ezpada elkarren osagarri. Hedadura-kontuez Gorka Lekarozek atalka-atalka kaleratzen dituen lanak ezin zehatzagoak dira.
Gaindegiaren datuetatik abiatu ditut nireak ere.
Bide batez, erabat ados Eneko Zuloagak esandakoarekin. Mapak elkarren osagarri dira, helburuak desberdinak dira, eta euskalkien mapa baliotsua (eta beharrezkoa) da bere hortan.
Gaia da euskalkien mapak ez duela egungo euskaldunon komunitatea islatzen. Egiari zor, ez da hori bere xedea, baina (nahi ala nahi ez) "euskaldunon mapa" da askoren gogoan, eta ondorioz hiztun asko baztertuak sentitzen dira. Euskara batua ere aintzat hartu beharko luke gaurko euskalkien mapak.
Mapazalea izanda, gustura ikusi eta aztertzen ditut era guztietako mapak; zer esanik ez goian egin dituzuenak. Grafikoki adierazgarriak dira eta, goian esan duzuen moduan, elkarren osagarri. Mila esker!
Egia da, era berean, goian aipatzen duzuena, mapa "errealagoak" behar direla eta abar. Dena dela, esango nuke arazoa ez dagoela mapetan, datuetan baizik. Datu errealagoak behar ditugu, mapak baino gehiago. Izan ere, eta adibide bat ipintzearren: Eibarren aipatzen diren 17255 euskaldunak, ez ditut nik inon ikusten (hau da, gezurrezkoak dira). Datu erabat puztua da, errealitatea ikustea eragozten diguna. Eta Eibarren bezala, gainontzeko herrietan ere antzera izango da, jakina. Azken batean, zenbat gara?
Eta orain, eman egurra ;)
Hiztun errealen mapa hauek interesgarriak dira, eskerrik asko egileei. Nik uste dut ez daudela hain aldenduta borondate politikoen mapekin, eta horretarako konparatu daitezke Beñat Arregik egin dituen beste mapa hauekin: http://barregi.com/hautes2015
Burujabetasunean eta "erabakitzeko eskubidean" sinesten badugu, uste dut independentistek pentsatu behar dugula ikuspegi praktiko batetik non nork zer erabaki dezakeen, erabakitzekotan, eta Zazpiak Bat ameskeria alde batera utzita, ze estatu independente posible izan dezakegun.
Beste batzuetan ere idatzi izan dudan zerbait errepikatuko dut: Kataluniako independentistak prest daude, independentzia lortzekotan (eta aklaratzen badira bidearekin), katalan hiztunen %36 herrialde independente posibletik kanpo uzteko. Euskal Herrian, EAE independentea balitz, euskaldunen %16 geratuko litzateke herrialde independente posibletik kanpora.
Euskararen parametroetatik ikusita diot aurrekoa. Baina jar gaitezen borondate herritar orokor zibil eta demokratikoaren parametroetan: jendeak bozkatzen du bozkatzen duena, eta soberanistak (independentista posibleak) daude dauden tokian.
Arazoa da EHko mapan Nafarroa handia dela. Hori da gure arazo estetiko-ideologikoetako bat. Mapa handi batera ohitu gara non gehiena Nafarroa den. Begi berriekin ikasi/ikusi behar dugu ordea: hutsik dagoen eremu bat dela mapa horretako gehiena. Aldiz, kontsideratzen badugu bide bakarra Laurak Bat egitea dela, eta kontestu horretan, gainera, Nafarroak, bere osotasunean, beto eskubidea baldin badauka, ez dago independentziarik.
Era berean, "erritmo ezberdinen" teoria abertzale politikoak irakurketa positiboago bat behar du. Alegia, erritmo ezberdinak ez duela esan nahi orgasmo simultaneoa. Ze horretara begira bagaude, berriro ere jai dugu, Nafarroa/EAE integrazioaren aurre-baldintza inposiblea ezartzen baitugu geure bide-orri dagoeneko zailean. Aldaketa gobernu bat osatu da Nafarroan, baina Laurak Bat bidean ezertxo ere ez egiteko premisarekin iraungo du, irautekotan.
Aurrena kexatxo periferiko bat : EHko mapetan maiz Trebiño agertzen da zurigune handi bat bezala. Euskal Herriko edozein mapa gogozkoa denez gero, mesedez sartu Trebiño, Amasa bezai Euskal Herria da eta.
Luistxori irakurriaz, interesgarria iruditzen zait pragmatismoz jokatzea, zazpiak bat eta holako utopia zaharminduak alde batera utzirik. Nafarrak eta iparraldekoak etorriko dira beraiek nahi dutenean.
Erkidegoari dagokionez, gaur egun edonola ere, kontuan harturik PNVk nazio koralaren alde egiten duela eta Podemosek erabakitze eskubidearen alde bai, baina haieteko boto emaile asko independentziazaleak ez direla. Bada, nire ustez argi dago Arabako hego-mendabaldea eta Gasteiz, ezkerralde osoa eta Bilbo, Donostia, Irun, Hondarribi, Eibar, Zumarraga, etab ez direla independentziaren alde lerrokatuko. Nik proposatzen dut independentziaren aldeko iritzia nagusitzen den herriek estatu bat osatzea eta gero herriak irabazi/galdu ahala, estatua handitu edo txikitu. Gainera horrek ahalbidetu luke nafar, lapurtar eta xiberotar herriak ere sartu ahal izatea.
Arnasguneen batasuna!
(barka tonua eee, baina ostirala da!)
Mapa berria egin dut, hemen:
https://twitter.com/asiersar/status/685508916629909504
Asier Sarasua nire izenkideak eskatzen duen datua ematen du nolabait: "euskal hiztunak", alegia, benetan euskaraz hitz egiten *dutenak*. Hasieran egin nuen mapan euskaldunak ageri ziren, alegia euskaraz hitz egiten *dakitenak*.
Udalerri bakoitzerako, populazioaren datua eta erabileraren ehunekoaren datua hartu ditut, eta hiruko erregela baten bidez, euskaraz zenbat biztanlek hitz egiten duten kalkulatu dut. Erabilera datuak UEMAren webgunetik ateratakoak dira. Kalkulua nola-halakoa da, ze "erabilera" hori ez dakit nondik datorren, uste dut kaleko neurketetatik datorrela. Beraz euskarazko hizketaldien ehunekoa litzateke, ez euskaraz aritzen den jendearen ehunekoa. Hala ere, estrapolazioa baliozkoa izan daitekeela uste dut.
Mapako zirkulu bakoitzaren tamaina euskal hiztunen kopuruaren araberakoa da. Mapa handiagotuz zenbakitan ere ikus daiteke udalerri bakoitzean zenbat euskal hiztun dagoen.
PS: Egin nuen lehen mapan akats batzuk daude, adib. Donostirako lau zirkulu ageri dira bat agertu behar zuen tokian.
Mapa eta grafiko gehiago sortu dira mezu-trukean. Hona jarraian hiru ekarpen interesgarri Beñat Arregirenak:
Sustatu.eus | Euskara gehien erabiltzen den udalerriak © cc-by-sa: sustatu
Sustatu.eus | Euskara gaitasuna vs. erabilera © cc-by-sa: sustatu
Eta bere bola-maparen bertsio berritua:
Sustatu.eus | Euskal hiztunen mapa, berrituta © cc-by-sa: sustatu
Kaixo Asier, horretarako goitik beherako kalkulua egitea errazagoa da, kaleko erabilera datuak kontuan hartuta:
http://www.soziolinguistika.eus/files/VI%20Kale%20Neurketa-%20Emaitzen%20txostena.pdf
Gipuzkoan 235.000 euskal hiztun, Bizkaian 110.000 inguru, Nafarroan 37.000 inguru, Ipar Euskal Herrian 17.000 inguru eta Araban 13.000 inguru.
Guztira 411.000 inguru.
Bere azken maparen ingelesezko bertsio bat egin du Beñat Arregik eta Reddit-era igo du: Current distribution of Basque, the last pre-Indo-European language in Western Europe.
https://www.reddit.com/r/MapPorn/comments/40nw10/oc_current_distribution_of_basque_the_last/
Eta beste maoa bat hemen, euskara duten webguneen dentsitatea Euskal Herrian.
Euskara duten webguneen dentsitatea Euskal Herrian https://t.co/j9Wr3xy4BM pic.twitter.com/1fwD0aEiFu
— .EUS (@puntueus) January 13, 2016
Nire mapen iturriak Gaindegiarenak dira: http://www.euskalgeo.net/ eta http://www.datuak.net/