Sustatu logoa Teknologia albisteak

The Force Awakens: Izarretako Gerraren VII. atala badator

Asier Sarasua
2015-10-20 10:41

Abenduaren 18rako iragarri dute estreinaldia (ustez, baita Euskal Herrian ere). Izena ere aspalditik ezagutzen dugu, "Star Wars: Episode VII - The Force Awakens". Zaleak amorratzen, ea eguna noiz iritsiko. Eta bitartean, behin betiko trailer ofiziala argitaratu zuten atzo. Gosea egiteko.

Lehendik ere ikusi ahal izan ditugu beste aurrerapen batzuk. Izan ere, azken urte t'erdian etengabea izan da informazio-jarioa: lehenengo aurrerapena, izen "klasikoak" agertuko zirela esan zutenekoa (Han Solo eta Leia printzesa), Harrison Fordek hanka hautsi zuenekoa,... Sareratutako Teaser hau ere garrantzitsua izan zen, adibidez, irudiak aurreratzeaz gain, Han Solo eta Chewbacca ere agertzen direlako. 

Orain artekoak umekeriak izan dira, ordea. Afariketak. Atzoko, ostera, ya "benetakoa" da. Eta abenduaren 18rako kontagailua hasi da, tik-tak, egunak eta orduak jaten. Laster dator eguna, indarra iratzarriko den unea... eta zain gaude.

Esango nuke jarraitzaile gehienok (adin batetik gorakoak, lehenengo atala umetzaroan ikusi genuenok), beldurrez espero dugula unea. Asetuko gaitu? Edo IV. atala bezain eskasa izango da?

Tira, 58 egun 13 ordu eta 28 minutu barru (ggb) ikusiko dugu.

Bitartean, bego indarra zuekin.

..................

Oharra:

Gogoratu Star Wars klasikoak euskaraz ikusi daitezkeela. Zuzenean euskarara bikoiztuta (halamoduzko kalitatearekin), edo euskarazko azpitituluekin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu