Teknofiloen albistegia

Kataluniako inkesta soziolinguistikoa (2013), zenbait datu

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-15 : 11:24
Kataluniako Gobernuak udan aurkeztu zuen Kataluniako hizkuntzen erabileraren inguruko azken txostena: Enquesta d’Usos Lingüístics 2013. Katalunian bost urtetik behin egiten den inkesta da, eta bertan batutako datuen arabera, Kataluniako biztanleen %94ak ulertzen du katalana eta %80a hitz egiteko gai da. Erabilerari dagokionez, %50,7 gaztelaniaz mintzo da nagusiki eta %36,3 katalanez. Araneraren inguruko datuak ere biltzen ditu txostenak.
Uda hasieran aurkeztu zituen azken inkestaren datuak Kataluniako Gobernuak. 5 urtero egiten den inkesta da eta hau du bere 3. aldia (2003-2008-2013). 15 urtetik gorako herritarren hizkuntza-ohiturak eta ezagutza neurtzen ditu (6.366.783 lagun, populazio osoaren %84).

Aurreko urteetako inkesten datuak ere sarean kontsultagarri daude (2003 eta 2008ko inkestak, eta baita 2004an katalanaren beste eremu guztietan egindakoa: Franjan, Andorran, Valentzian, Baleareetan, Algerren eta Katalunia Iparraldean). Eta PDF honetan 2013ko inkesten laburpena.

Ezagutza

Herritarren %94,3ak ulertzen du katalana, eta %80,4ak hitz egiten du. %82,4ak irakurri egin dezak eta %60,4ak idatzi ere bai; hemen datu guztiak.

Gaztelaniari dagokionez, populazioaren %95ak baino gehiago erantzun du gai dela gaztelania ulertzeko, hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko. 

Ama hizkuntzari dagokionez: %55 gaztelania, %31 katalana (2003an %36 zen).

Inkestaren arabera, 2.530.000 pertsona prest daude katalana ikasteko edo ezagutza hobetzeko, edozein arlotan. Kataluniako biztanleen %40 inguruk, beraz, katalana hobeto jakin nahiko luke. 

Ezagutzari dagokionez, katalanak urratsak ematen jarraitzen du.

Erabilera

Aurkeztutako datuen arabera, gaztelaniaren erabilera igo egin da azken 5 urteotan: 2003an %47ko erabilera, 2008an %46 eta 2013an %50.

Katalanaren erabilerari dagokionez, herritarren %35,6aren ohiko hizkuntza da; duela 10 urte baino gutxiago (2003an %46), baina duela 5 urte baino apur bat gehitxoago (2008an %35,6). 

Ferran Mascarell kultura sailburuak aurkeztu zituen datuok, eta baita zenbait ondorio eta iritzi eman ere. Mascarellen arabera, datuak azaltzeko orduan (eta batez ere katalanak izan duen atzerakada azaltzeko), eragin nabarmena izan dute Hego Ameriketatik heldutako 700.000 erdal hiztunak. Atzerrian jaiotako biztanleen kopurua 2003an %9koa zen; 2013an, ostera, %17,5. Dena den, eta globalizazioaren eragina ere handia izan arren, "katalanak normalizaziorantz urratsak ematen jarraitzen du" eta "katalana erakargarria da herritarrentzat, eta hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko gogoa nabari da herritarren artean. Belaunaldi berriek usu erabiltzen dute lagunekin". 

Izan ere, katalanaren aldeko datu asko dago, oraindik ere. Katalanaren erabilera nagusi da Kataluniako eskualderik gehienetan, eta katalana gaztelania baino gehiago erabiltzen da, bai ikaskideen artean, baita lan munduan ere. 

Txostenean emandako datu eta ondorioen artean azpimarratzen da, gainera, ama  hizkuntza katalana ez dutenen artean, 3.000.000 herritarrek katalana ikasi duela, eta 600.000 lagunentzat ohiko hizkuntza bihurtu dela. 

Bestalde, belaunaldien arteko transmisio linguistikoa katalanaren aldekoa da, 6 puntuko aldearekin (hau da, seme-alabekin katalanez hitz egiten duen herritarren kopurua handiagoa da, gurasoekin mintzo dena baino).

Lurraldeen arabera, alde handia

Bartzelonako metropolia
da katalanez gutxien hitz egiten den ingurua, %27,8, duela 10 urte baino 10 puntu gutxiago (2003an %37,1). Gaztelaniaren erabilera, aldiz, %60koa da. 

Katalan gehien egiten den erregioa, aldiz, Terres de'l Ebre da (%74), eta jarraian Terres de Ponent (%62), Alt Pirineu i Aran (%61,3), eta Comerques gironines eskualdeak (%51,5).

Aranera

Inkestan Aran bailaran hitz egiten den araneraren inguruko datuak ere biltzen dira. Val d’Aran-eko biztanleen %80ak ulertzen du, %56ak hitz egin, eta %35ak idazten ere badaki. Katalanarekin ez bezala, kasu honetan etxeko transmisioak eta erabilerak huts egiten du, eta hezkuntza da hizkuntzari eusteko bide nagusia. Ondorioz, 30 urtetik beherakoak dira okzitanieraz idazten eta irakurtzen ondoen dakitenak, baina 65 urtetik gorakoak dira, nagusiki, okzitanieraz hitz egiten dutenak.

Beste hizkuntza batzuk

Beste hizkuntza batzuen datuak ere jaso dira inkesta zabal horretan, besteak beste, ingelesaren ezagutza. %38,4ak ulertzen du, %31ak hitz egin eta %34ak irakurri. Frantsesa, berriz, %25ak ulertzen du eta %16ak hitz egin.

Gainera, Katalunian bizi diren 662.300 herritarrek beste hizkuntzaren bat dauka ama hizkuntza. Hurrenkera honetan: arabiera (151.700 pertsona), errumaniera (56.100); amazigera (41.800), frantsesa (38.800); galiziera (33.200) eta errusiera (31.900).

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu