Teknologia albisteak
5

EITBko kazetarien gehiengoa errazkerian murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-14 : 09:23
EUSKALDUNAK EUSKARAZ EITBn egitasmoa sinatu genuenok  ETBko langileei eskatu genien euskaldunei ez agintzeko gaztelaniaz egin dezaten. Hala baina oraindik ere egunero bila ditzakegu gazteleraz egitera behartzen dituzten euskaldunen adibideak, ikastolako haurrak barne!!
Gogoratu dezagun manifestu honek eskatzen zuena:

Hainbat erakunde ofizialetan euskaraz hizketan datorrenari erdaraz egin dezan eskatzea aspaldi debekaturik dagoen arren, egoera hori egunero ematen da oraindik non eta Euskal Telebistan. Elkarrizketak, adierazpenak,e.a. euskaraz eta erdaraz bietan egitea ohitura zaharra da Euskal Telebistan.

Zoritxarreko praxi horren ondorioz, euskara ikus ezin bihurtzen da euskaraz bizi ez diren herritarrentzat, eta euskaltzaletasuna ikus ezin bihurtzen da herritar guztientzat. Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan berdin zaigula batan ala bestean jardutea. Ez luke hala behar behinik behin, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu.

Euskaldunak Euskal Telebistan erdaraz hizketan agertzeak ondorio kaltegarriak ditu euskararentzat. Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du. Eredugarri gerta daitezkeen pertsonak behin eta berriz adierazpenak euskaraz egiten ikusteak (erdal kanalean azpitituluz osaturik) euskaltzaletasuna ereiten du ikusleen bihotzean emeki eta etengabe. Euskara hobesteko mezu subliminala dakar. Pertsona horrek euskararen aldeko hautu pertsonala egin duela erakusten du apalki eta zalapartarik gabe.

Gaur egun eskaintzen zaigun euskara eta erdararen arteko berdintasun axolagabea berriz, euskararen galgarria gertatzen ari da, gure gizartean gero eta maizago ikus dezakegunez. Azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela. Euskal Telebista euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da.

Dena den, gainerako eztabaida gaiak oraingoz bazter utzi eta adostasunik zabalena iristearren azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, ETB zertarako sortu zen une batez oroituz, euskaraz egin dezaten eska diezaietela. Euskaldunak Euskaraz ETBn.


Hona hemen sinadura bilketaren lotura: http://www.ipetitions.com/petition/euskaldunakeuskarazetbn

Bada, epostaz atzo irakurri ahal izan nuen eskaera honi eman zaion erantzunaren zati bat (bigarren zatia beste kanpaina berri baten berri emateko zen):

Lagun euskaltzale hori,

Mezu hau jasotzen ari zara, bere garaian EUSKALDUNAK EUSKARAZ EITBn egitasmoa sinatu zenuelako. Lehenik eta behin, egitasmo haren berri eman nahi dizugu. Hiru mila eta bostehun lagunen atxikimendua jaso ondoren, Jose Inazio Basterretxea Polo legebiltzarkideak erakundearen Administrazio Kontseilura eraman zuen galdera, ea zuzendaritzaren aginduren bat ote zegoen praktika deitoragarri horren atzean. Jaso zuen erantzun ofiziala izan zen ez zegoela eta ez zela inoiz horrelako agindurik egon. Erantzun hau jaso ondoren, ohitura txar hori aldatzen hasteko ahaleginen bat egin ote zitekeen aztertu nahian kontaktu eta bilera batzuk izan ziren hainbat kazetari euskaltzalerekin. Kontaktu hauek jakin arazi zigutenez, zoritxarrez, kazetarien gehiengoa errazkerian murgilduta omen dabil eta ez omen da giro aspaldiko ohitura errotu hori aldatzen ahalegintzeko. Amaiera etsigarria egitasmoarentzat.


Hasteko eta behin, esan beharrean nago epostan aipatzen den kazetari euskaltzaleekin egindako bilera erronda hori noraino heldu den eta konponbidea aurkitzeko erabili diren baliabideei buruz daukadan informazioa orokorra eta urria dela... Ez dut esan nahi saiatu ez direnik baina, nahikoa izan ote da? Ez al dago beste formularik honi konponbidea aurkitzeko? Langile horren utzikeria saihesteko ez al dago goitik beherako agindu, protokolo edo dena delakorik?

UEMAk berak ere egina dio eskaera ETBri, twitter bidez jakin dugunez. Oso ondo deritzot arnasgune hauei arreta berezia eskaini behar hori baina, udalerri euskaldunetan bizi ez garenok ez ote dugu arretarik merezi? Errealitatea desberdina delako bertara iltzatuta geratzera kondenatu behar al gaituzte horko jendartea?


UEMA bide honetan ez da oztopo, ez noski, baina errealitate soziolinguistikoaren aitzakian nafarroan egiten ari diren zatiketa justifikatzeko bidea ematen ez ote duen galdetzen diot nire buruari. Bide batez, hona hemen ezagutzari dagokionez Gaindegiak eta Udalbiltzak egindako udalerrien mapa. Bertan argi geratzen da azken urteotan euskararen ezagutza (horretarako bide eman zaion) eremu ez euskaldunean nola zabaldu den. Zertarako zabaldu dugu ba ezagutza gero praktikan beste aldera jokatzeko?



Argi dago EiTB sortzez euskara eta euskal kultura bultzatu eta 4 haizetara zabaltzeko helburuarekin sortu zela eta gaur egun justu kontrakoa egiten duela etengabe. Eskakizun honi ematen zaion erantzunak ezin du izan "kazetarien gehiengoa errazkerian murgilduta omen dabil". ETBko zuzendaritzak eta euskal jendarteak honen aurrean ez al dauka ezer esateko?

Bestalde, eta kontu honen ardura osoa kazetariengain bakarrik jarri gabe, badago euskaldunon artean ere gaia nola hartu eta landu.  Aurreko urteko Durangoko azokari begira idatzitako artikulu honentan dagoen bezala, bi eredu edo jarrera daude kazetari axolagabeen aurrean. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Erantzunak

2014-10-14 : 13:33

Guztiz ados, euskara hobetsi eta ETB2n azpitituluekin agertu beharko luke euskaldunen esanak; bestela lau hitz euskeraz esanda oso euskaldun jatorrak direla pentsatzen duten horiek irabazten dute eta euskerak galdu.

2014-10-15 : 09:10

Gai zaila dirudi, baina beti pentsatu izan dut konponbide erraza daukala. Ez dela behar irizpide korapilotsurik; logikoena aplikatzea besterik ez: bakoitzak bere hizkuntzan hitz egitea, eta kitto.

Erdaldunek beti erdaraz egiten duten ezta? Ba, euskaldunek ere beti euren hizkuntzan egin dezatela. Uste dut hortxe amaitzen direla arazo guztiak.

Baina ez, ez omen da hain erraz eta logikoa.

2014-10-15 : 09:20

Bat nator Asierrekin: konponbide erraza du kontu honek.

Eta inork badauka azaltzea zergatik ez den hori aplikatzen zentzuzko konponbide hori eta zergatik daramatzagun urteak eta urteak kontu honekin bueltaka (sinadura bilketak, agerraldiak Legebiltzarrean, Administrazio Kontseiluaren kideen eztabaidak, eztabaidak sare sozialetan, EITBko estilo liburuko zehaztapenak...)?

2014-10-15 : 09:37

Ados biokin. Nik esaten dut ea zergatik ez den beti euskaraz galdetzen... erantzun ahal duenak primeran, eta bestela gazteleraz jar dadila.

Zerbait hobetu omen dela ere esan zidaten eta aurreko urteei begiratuz hala ematen omen du. Baina atzoko Teleberrian Zestoan adibidez, UEMAko udalerria, alkatea eta herritar bat euskaraz eta beste gainontzeko denak (bost bat izango ziren) gazteleraz. Nik ez dut sinisten hainbeste erdaldun dagoenik Zestoan...

2014-10-15 : 09:48

Puntuka erantzunez:

1) EITBko zuzendaritzak erabaki bat hartu eta modu eraginkor batean helarazi behar die kazetari guztiei. Nire ustez, erabaki zuzena Asierrek esandakoa da.

2) Herritarrei dagokienez, ez da izango herritarrek ETBko kamera eta kazetaria ikusten dituztenean ez dituztela identifikatzen euskararekin edo/eta euskaraz egin beharrarekin? Azken batean, ETB2 ere ETB da, eta askoz hedadura eta eragin handiagoa du ETB1ek baino. Agian, ETB ETB2rekin identifikatzen dute/dugu?

Hori ilustratzeko anekdota bat, Alberto Barandiaranek Donostian kontatua ("Euskarari lehentasuna eman" jardunaldian, aurtengo irailaren 19an): ehiztari talde bat euren artean euskaraz, ETBko kamera hurbildu eta gaztelaniaz hasi dira hizketan. Niri zer pentsatua eman zidan.

Erantzun

Sartu