Liburu-irakurgailu elektronikoak hizpide izan ditut orain gutxi. Papera nahiago dudala aitortu nuen aurrekoan, baina ebook-en garrantzia eta erosotasuna baztertu barik. Eta, aurrekoan aipatu ez banuen ere, irakurgailu elektronikoen abantailarik handiena hiztegiena da. Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, ti-ta zure zalantzak argitu ahal izatea.
Aspaldi nenbilen euskarazko hiztegi baten bila; hiztegi zalea naizelako, eta liburu elektronikoen irakurketari "plus" handi bat ematen diotelako. Alperrik. Ez zegoen ezer. Azkenean, Elhuyarren hau heldu den arte; eta berehala jaitsi eta probatu dut.
Erraza da. Euren webgunean erosi behar da, 4 euroren truke, eta zure Kindle irakurgailura gehitu. Gailuak automatikoki identifikatuko du eta hiztegien atalera gehituko. Kindle-a ez da gai euskara identifikatzeko (7 hizkuntzatarako bakarrik dago konfiguratuta), baina horrek ez du eraginik izango, normalen, irakurlearengan. Liburu bat euskaraz badago, defektuz Elhuyarren hori aktibatuko da (beste hizkuntza txikiren baten hiztegia gehitu ez baduzu, behintzat).
Hortik aurrera sortzen den arazotxoa: irakurgailuan ditugun liburuek ere "euskara" hizkuntza-kodea izan behar dute euren metadatuetan (bestela, gailuak ez daki zer hiztegi ireki behar duen, euskarazkoa edo beste zein); eta orain arte ikusi dudanaren arabera, euskarazko liburu askok (nire kasuan ia guztiek) "español" edo "english" kodea dute (nire irakurgailuko ia denak Susan erositakoak edo Armiarmatik jaitsitakoak dira). Nik neuk ez badut nahi barik zeozer egin, esango nuke horrela banatzen dituztela argitaletxetik. Ondorioz, liburu horiekin ezingo dugu erabili zuzenean Elhuyar hiztegia (ezta beste edozein hiztegi ere). Hau ez da bakarrik euskarazkoen arazoa: gaztelaniazko batzuk ere gaizki kodetuta daudela konturatu naiz, ingelesezkoak bailiran.
Zer egin? Calibre edo antzeko programaren baten bitartez liburuei hizkuntza-kodea aldatu ordenagailuan, "euskara" ezarri, eta irakurgailura berriro igo. Eta orduan bai, orduan etekin osoa atera ahal izango diogu gure irakurgailuari.
Elhuyarrek kaleratu duen baliabide berriak baditu pare bat "hutsune" txiki (kindle irakurgailuetan bakarrik dabilela; eta euskara-gaztelania dela). Hala ere, esango nuke urrats handia dela irakurleontzat eta gure hizkuntzarentzat, oro har. Behar-beharrezko genuen zerbait zen.
Beste puxtarri bat liburu elektronikoen alde! Mekatxis...!
Eibartik blogean ere bai.
Susa (@Susa_news) argitaletxetik argitu digute kontua. Arazoa liburu zahar batzuetan zegoen (nire gailuan nituen gehien-gehienak zaharrak ziren). Liburu berriak ondo kodetuta daude, eta zaharretako batzuetan zegoen arazoa ere konpondu dute.
Hala ere, kasu puntual honetatik kanpo, erabiltzaileok izan dezakegun arazoetako bat da hizkuntza-kodearena, handik edo hemendik jasotako liburuekin (euskarazko zein erdarazko liburu izan). Zure gailuko hiztegia ez badabil libururen batekin, ziurrenik hizkuntza-kodearen arazoa izango da. Goian esan bezala: ireki liburua Calibrerekin (edo antzekoren batekin), sartu metadatuetara, ezarri dagokion hizkuntza (eu, es, fr, en,...), eta liburua berriz gehitu irakurgailura.
Eskerrik asko zure hitzengatik, Asier! Erabiltzaileen beharrei erantzuten ari garela jakitea pozgarria da guretzat.
Zuk aipatutako euskara-gaztelania noranzkoaz gain, gaztelania-euskara hiztegia ere eskuragarri dago gure dendan (http://ttiki.com/56234).
Formatuari dagokionez, egia da, oraingoz hiztegia Kindle irakurgailuetarako bakarrik egokitu dugu, lehen azterketa batean irakurgailu erabiliena zela ondorioztatu genuelako. Hala ere, ez dugu beste irakurgailuetarako garapena baztertzen eta aukerak aztertzen ari gara.
Mila esker berriro ere, horrelako iruzkinek gure jardunean aurrera egiteko animoak ematen baitizkigute.
Mila esker artikuluagatik, Asier, oso interesgarria. Berau irakurrita, ireki egin dut Calibre nire ordenagailuan, eta Mussche nobelara joan naiz, eta “Edit Metadata” atalean klik eginda, “Hizkuntzak” sailean Euskara jartzen du.