Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu
Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuzen, hogeigarren denboraldia izango da, eta asteburu honetan abiatuko da, ETB1ean eta ETB2an. ETB1en larunbatero emango da, 13:30ean, eta ETB2n, berriz, igandero, 09:30ean.
2017-2018ko ikasturtean, Elhuyarren Zientzia Azoka proiektuan izena emateko epea zabalik da jada. Izena ematea doan da, eta oso erraza: sartu webgune berrian eta segi jarraibideei. Irailaren 25etik aurrera izena emateko epea zabalik dago. Zientzia Azokaren festa Bilbon egingo da 2018ko apirilaren 21ean.
Ostiral honetan (irailak 8) abiatuko da Norteko Ferrokarrillaren denboraldi berria. Astero, Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko komunikatzailearen gidaritzapean, Euskadi Irratiko uhinetan egingo du geldialdia: ostiral gauetan, 22:00etan, eta larunbat arratsaldetan, 15:00etan.
4-8 urteko neska-mutikoentzako esperimentu-liburu berria kaleratu du Elhuyarrek. Esperimentu-liburu hau ez da denbora pasatzeko soilik. Liburu honek guraso eta irakasleak gidatu egiten ditu haurrek pentsaera zientifikoa gara dezaten. Bizitza errealeko esperientzien bidez, ume oso txikiak ere gai dira esperimentuak diseinatzeko, egindako aurrerapena dokumentatzeko eta behar bezala emateko beren aurkikuntzen berri.
Inspira proiektuaren 2. edizioa aurkeztu da Donostian. Ekimena aitzindaria da EAEn, eta nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte.
Gero eta gehiago erabiltzen dira itzultzaile automatikoak gaur egun, baita gaztelaniatik euskarara itzultzeko ere. Hala ere, euskarari dagokionez, itzultzaile horien emaitzak urrun samar daude oraindik giza itzultzaileen emaitzetatik, oro har. Sistema horiek hobetzeko, trebatu egin behar dira makinak, eta horretan ari gara, elkarlanean, EHUko Ixa ikerketa-taldea, Eroski Fundazioa eta Elhuyar. Hiru urteko proiektu esperimental bat abiatu genuen 2015ean, Matxin ES-EU (gaztelania-euskara) itzultzaile automatikoa, kode irekikoa, hobetzeko.
Deustuko Unibertsitateak uztailaren 3an aurkeztu du INSPIRA proiektuaren bigarren edizioa. Proiektua Deustuko Unibertsitateak bultzatua da, Elhuyarren eta Innobasque-ren laguntzarekin; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban garatuko da proiektua, hiru foru-aldundien babesarekin. Ekimen hau bide-urratzailea da, eta neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea du helburu. Horretarako, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzak egiten dituzte, ikerketa-, zientzia- eta teknologia esparruetako emakume profesionalen laguntzarekin. Lehenengo aldia da STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) bultzatzeko talde-mentoringa erabiltzen dela.
ElkarOla ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu ziren atzo Usurbilen, Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian. VICOMTECH-IK4 eta TECNALIA zentro teknologikoek, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek eta Elhuyarrek osatutako partzuergoak egin du ikerketa, bi urtez (2015-2016), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diruz lagunduta eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuta. Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetarako irtenbide praktikoak izan ditu helburu ikerketa-proiektu estrategikoak. Hiru demo garatu dira: lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat; biozientzien eta osasunaren alorrerako, osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat; eta fabrikazio aurreratuaren alorrerako, adituaren eta langilearen arteko telelaguntza-sistema bat, denbora errealean funtzionatzen duena.
Maiatzaren 26an, hogeita hamar bat herritar etorri ziren Iurretako II. Mintzopotera, euskaraz eta euskarari buruz berba egiteko. Aurtengo helburua izan da euskaldun berriak eta jatorri askotariko herritarrak euskaldun zaharrekin elkartzea. Mintzopotearen bidez, euskaldunen arteko sareak josi nahi izan ditugu, baita batzuen eta besteen bizipenak partekatzeko aukera eman ere. Parte-hartzaileak bi orduz aritu ziren kontu-kontari, 5 mahaitan antolatuta eta World Kafe metodologiaren laguntzaz. Saioa Elhuyar Aholkularitzako teknikariek bideratu zuten, Euskararen Aholku Batzordeko kideen laguntzarekin.
Ekainaren 7an eta 8an jardunaldi irekia izango da Donostiako Carlos Santamaria Zentroko liburutegian. "Lan-eremu elebidunetan komunikatzea: nola lagundu profesional guztiei kalitatezko zaintzarako hizkuntza-gaitasuna lortzen?". Jardunaldiak Europako COMBI egitasmoaren barruan antolatu dira. Lan-eremu elebidunetan komunikatzeko gaitasunak aztertu eta garatu nahi dituen egitasmoa da. Egitaraua ikusteko edo izena emateko, sakatu hemen.
Azken urteotan izugarrizko urratsak eman dira itzulpengintza automatikoaren alorrean. Azkenaldian, neurona-sareetan oinarritutako sistemak hobekuntza kualitatiboak lortzen ari dira (NMT teknologia) eta deep learning delakoan oinarritzen da itzulpengintza automatikoaren arloko ikerketa nagusiki. Mundu mailan itzulpengintza automatiko neuronalaren arloan egiten ari diren aurrerapausoez gehiago jakiteko, jardunaldi ireki bat antolatu dugu maiatzaren 29rako. Gonbidatu berezia izango dugu: Kyunghyun Cho, New Yorkeko Unibertsitateko ikerlaria, itzulpengintza automatiko neuronalaren arloan aditu ezagunenetako bat, besteak beste, iaz bertan Google saria jasotakoa. Maiatzaren 29an, goizeko 11etan, Donostiako Informatika Fakultatean.
Elhuyarreko bi kide Estrasburgoko unibertsitatean izan dira gaur, maiatzak 19, La Maison de la Science en Alsace-ren ekimen batean.
Europako 26 hizkuntzatako hiztegien erabilerari buruzko inkesta bat jarri zuten abian joan den astean, European network for e-lexicography (ENeL) COST proiektuaren barruan. Ahalik eta euskaldun gehienen erantzunak bildu nahi genituzte; beraz, eskertuko genuke inkesta bete eta zuen inguruan zabaltzea.
Larunbatean izan zen aurtengo Elhuyar Zientzia Azoka. 110 proiektu aurkeztu dira aurtengoan. Guztira, 337 gaztek hartu dute parte (neskak 176 eta mutilak 161) . Gainera, estatuko (Exporecerca eta Galiciencia) eta nazioarteko (Mostra Nacional Portuguesa) zientzia-azoketako 3 talde irabazle ere etorri dira.
Larunbatean, maiatzak 6, egingo da ikertzaile gazteen azoka, Bilboko Plaza Barrian. Ikertzaile gazteek urtean zehar landutako 110 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dira. Egun osoz izango dira zientzia-tailerrak, gazteen stand-ak, eta eremu profesionalaren gunea, eta kultura zientifikoaz disfrutatu ahal izango da.
Nafarroako lau ikastetxetako DBH eta Batxilergoko berrogeita hamar bat ikaslek (Leitzako Amazabal BHI, Iruñeko Julio Caro Baroja BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Zizur Txikiko San Fermin ikastola) Zientzia Azokan parte hartu zuten atzo, martxoak 29, asteazkena, Iruñeko Planetarioan. Elhuyar Fundazioaren ekimen bat da; unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, taldeka, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jasoz. 12 eta 18 urte arteko nafar ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) sail desberdinetako (besteak beste, Kimika Aplikatua, Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Natura Ingurunearen Zientziak) 18 ikertzaile, bekadun eta doktoregai gazteren aholkularitza jaso dute. Laguntza hori baliagarri izango zaie beren lanak azoka batean jendaurrean erakusteko Bilboko erdigunean, maiatzaren 6an, EAEko ikasleekin batera. Hortik dator Zientzia Azoka izena. Ekimen honek Foru Erkidegoaren, Unibertsitatearen, Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.
INSPIRA proiektu aitzindaria da Euskadin, neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi dituena. Horretarako sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten ditu, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Lehenengoz erabiliko da taldeko aholkularitza teknika, STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak, ingelesezko sigletan) irakasgaiak sustatzeko proiektu batean eta lehen hezkuntzako ikasleen artean.
Asteburuan saio berezia izango du Teknopolisek. Bihar, martxoaren 11 (larunbata), gaueko 21:00etan, emakumeek zientzian duten egoerari buruzko saio berezia emango dut Teknopolisek, ETB1ean. Munduko ikertzaileen herena baino gutxiago dira emakumeak; % 28, UNESCOren arabera. EAEn, % 35 dira, baina, ardura-eskalan zenbat eta gorago jo, orduan eta txikiagoa da ehuneko hori.