Teknologia albisteak

Itzulpen automatikoa hobetzeko proiektu bat jarri dute abian Eroskik, Elhuyarrek eta EHUk. Hartu parte!

Erabiltzailearen aurpegia
2017-07-10 : 11:52

Gero eta gehiago erabiltzen dira itzultzaile automatikoak gaur egun, baita gaztelaniatik euskarara itzultzeko ere. Hala ere, euskarari dagokionez, itzultzaile horien emaitzak urrun samar daude oraindik giza itzultzaileen emaitzetatik, oro har. Sistema horiek hobetzeko, trebatu egin behar dira makinak, eta horretan ari gara, elkarlanean, EHUko Ixa ikerketa-taldea, Eroski Fundazioa eta Elhuyar. Hiru urteko proiektu esperimental bat abiatu genuen 2015ean, Matxin ES-EU (gaztelania-euskara) itzultzaile automatikoa, kode irekikoa, hobetzeko.

Sistema elikaduraren arlora egokitzea izan zen lehen urratsa; zehazki, Eroski Consumer (www.consumer.es) egitasmora egokitu genuen. Eta plataforma kolaboratibo bat jarri dugu sarean, sistemak proposatzen dituen itzulpenak zuzentzeko. Plataforma horren bidez, edonork har dezake parte proiektuan, itzulpenak zuzenduz. Hala, itzulpen zuzenduak argitaratuko dira consumer.eus atarian, eta, jasotako zuzenketei esker, sistema automatikoa ikasiz joango da. Azkenean, proposamen hobeak egingo dituen itzultzaile automatiko bat eskuratuko dugu, eta urrats bat aurrera egingo dugu euskarazko itzulpengintza automatikoaren arloan.

Zenbat eta eta jende gehiagok parte hartu proiektuan, zuzenketa gehiago jasoko ditugu, eta material gehiago izango dugu sistema hobetzeko. Horregatik jotzen dugu zugana, internauta euskaldun hori.

Animatzen bazara, sartu consumer.elhuyar.eus helbidean, eta hasi testuak zuzentzen. Hantxe aurkituko dituzu argibide guztiak.

Erantzun

Sartu