Teknologia albisteak

Badator Firefox Quantum, nabigatzaile erabat berritua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-02 : 13:33

Nabigatzaile berria ari da garatzen Mozilla Fundazioa, Firefox Quantum. Une honetan darabilgun Firefox nabigatzailearen hurrengo belaunaldiko nabigatzailea izango omen da, kode erabat berrituarekin eta askoz ere bizkorragoa. Azkenaldian merkatuan nagusitzen ari den Chromeri konpetentzia egiteko asmoarekin dator. Azaroaren 14an aurkeztuko da, baina Beta bertsioa probatzeko aukera dago jada. Probatu dugu, bada, eta bai, nabarmen bizkorragoa da. 

Joan zen astean kaleratu zen Firefox nabigatzailearen azken bertsioa, Firefox 56, baina aldaketa handiena azarorako omen dator. Firefox 57a erabat berria izango delako, baita izenez ere, Firefox Quantum izendatu baitute. Dagoeneko jaitsi daiteke probarako. Guk ere egin dugu gure proba txikia, eta egia da Firefox berria bizkorragoa dela. 

Esan daiteke nabigatzaile "berria" izango dela Firefox Quantum, ez egungo Firefoxen eguneraketa bat. Izan ere, "nabigatzailea erabat birrasmatu dugu, motorea modernizatuz", adierazi dute Mozillako garatzaileek. Oraingoz oso harrera ona izan du probatu duten garatzaile eta teknofiloen artean. Ezberdina, memoria gutxiago kontsumitzen duena eta askoz bizkorragoa dela azpimarratu dute gehienek. Bideo hau ere zabaldu du Mozillak berak, Firefox berriaren eta Chromeren abiadura alderatuz.

 

Iazko urrian aurkeztu zuten Project Quantum delakoa. Dagoeneko prest dago Beta bertsioa eta helbide honetatik jaitsi daiteke probarako. Jaitsitako fitxategia deskonprimitu eta "Firefox" izeneko fitxategia exekutatu behar da. Esan bezala, nabarmena da bizkorragoa dela eta baliabide gutxiago behar dituela. Arazo bakarra, gaur egungo hedapen eta gehigarri batzuk ez dabiltzala Quantum berrian. 

Azarotik aurrera ikusiko dugu ea zein bide hartzen duen eta benetan Chromeri aurre egiteko gai ote den. Garapenari buruzko azalpen tekniko gehiago Mozillaren blogean

 

Erantzun

Sartu