Teknologia albisteak
1

Aldaketa nabarmenak Euskalbar berrian

Erabiltzailearen aurpegia
2017-10-30 : 12:13

Euskalbar euskarazko hiztegiak eta bestelako hizkuntza-baliabideak (corpusak, zuzentzaileak...) kontsultatzeko Firefox-erako gehigarri bat da. Software librea da, hainbat pertsonaren artean elkarlanean garatutakoa. Oso erabilgarria izaki, estimatua eta arrakastatsua da erabiltzaileen artean. Firefox 57 bertsioa erabat berrituta argitaratuko denez, Euskalbar ere goitik behera aldatu behar izan da. Azken bertsio hau aldaketa nabarmenekin datorkigu.

Izan ere, Firefoxek luzapenak garatzeko WebExtensions API berria erabiltzera derrigortzen du orain. Orain artean, aurreko teknologia erabiliz egindako luzapenek funtzionatzen jarraitu dute, baina, azaroan ateratzekoa omen den Firefox 57tik aurrera, WebExtensions darabilten luzapenak soilik ibiliko dira. Hau da, zegoen bezala Euskalbarrek ez zukeen funtzionatuko Firefoxen bertsio berrietan. Horregatik, dena berriz ere hasieratik programatu behar izan dugu.

Gure asmoa Euskalbar berria aurrekoaren berdina izatea bazen ere, ezinezkoa izan da dena berdin uztea. API berriak hala behartuta, aldaketa nabarmen batzuk badaude bertsio berrian. Horietatik aipatzekoena da Euskalbarrek izena ematen dion izana galdu duela: orain ez da beti bistan dagoen tresna-barra bat, WebExtensions APIan ezin baita horrelakorik egin. Beste hainbatekin batera, guk ere eskatu genien Firefoxekoei tresna-barrak egiteko aukera jartzea, eta onartu zuten. Euskalbar berregiten hasi aurretik, ezaugarri hori noiz inplementatuko zain egon ginen, baina duela bi hilabete ikusi genuen ez zutela prest edukiko Firefox 57rako, eta beste modu batera egin behar izan genuen aurrera. Orain, Euskalbarrek botoi bat jartzen du tresna-barra orokorrean, eta, erabili nahi dugun bakoitzean, botoi hori sakatu behar dugu barra irekitzeko. Laster-tekla baten bidez ere ireki daiteke barra (Ktrl+Shift+U), baina, edozein kasutan, saguaren klik edo tekla-sakatze bat gehiago egin behar da orain Euskalbar erabiltzeko. Etorkizunean Firefoxek barra egiteko aukera jartzen badu, berriro bihurtuko dugu barra Euskalbar, erabiltzaileek hala nahiago badute.

Oinarrizko egituraren aldaketa horretaz gain, hainbat hiztegi gehitu edo konpondu ditugu bertsio berrirako (EGAMaster hiztegia, Farmazia hiztegia, Freelang hiztegia, GEMET ingurumen thesaurus-a, Gizarte Zerbitzuen hiztegia, Glosbe hiztegia, Gotzon Garateren atsotitzak, Kamusi Project hiztegia, Laneki hiztegia, Nafarroako euskalkien hiztegia, Trengintza hiztegia, Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoa eta Zurgintza hiztegia), eta beste hiztegi batzuk kendu ditugu, API berrian ezin direlako txertatu (BFA Hiztegi Terminologikoa, GFAren itzulpen-memoriak eta Microsoft hiztegia) edo webguneak ez dabiltzalako (CorpEus eta Elebila). Hemen dago aldaketa guztien zerrenda: http://euskalbar.eu/version50/.

Laster igoko dugu Euskalbarren bertsio berria Mozillako luzapenen webgunera. Haiek aztertu eta onartzen dutenean, Euskalbar aurrez instalatua zenutenei automatikoki eguneratuko zaizue bertsio berrira. Besteek, Mozillaren luzapenen webgunetik instala dezakezue Euskalbar.

Egiteko geratu direnen artean, hauek dira aipagarrienak: interfazea beste hizkuntza batzuetara itzultzea, bilaketa konbinatua hiztegi guztiei jartzea, bilatzeko hitza idazterakoan laguntzeko "autocomplete" jartzea eta testuinguru-menua jartzea edozein orritan.

Gogoratu Euskalbarren garapenean edonork lagundu dezakeela. Programazioaz ezer ez badakizu, probatu, eta akatsen berri eman edo aldaketak zein hiztegi berriak eskatu ditzakezu orri honetan. Programazio-ezagutzak izanez gero, Euskalbarren GitHub orritik kodea jaits dezakezu, hobekuntzak edo gehikuntzak egin, eta, gero, onartzera bidali. Edo garatzaile-taldean ere gustura sartuko zaitugu! 

Erantzunak

2017-11-01 : 11:04

Kaixo, lagunok:

Irale-n lan egiten dut( irakasleen euskara hobetzeko hezkuntza saileko programa bat), eta atzo goizean, ordenagailu aurreko irakasleen puff!, ene!, zer da hau! eta okerragoak entzuten pasa nuen goiza, eskolak ematen ari ez nintzenean. Gainera, tarteka han ibili ginen euskalbarra, edo dena delako hori, moldatu nahian, lehengo itxurara ekarri nahian.
Ezin izan genuen, ezinezkoa omen da.
Guretzat alukeria da. Testu zuzenketetan ibiltzen garenean askotan jotzen dugu hiztegietara, askotan hiztegi batera baino gehiagora hitz baten esanahia eta adierak begiratzera. Hori da gure lan zati bat. Ulertuko duzue gure ulertezina hasieran eta haserrea ondoren.
Neroni ere banaiz software librearen aldekoa, eta ondo iruditzen zait lehengo itxurara itzultzeko denbora ematea Firefoxen programatzaileei. Baina aukera emango ez balute, eskatuko nizueke beste edozein bilatzailean instalatzeko aukera baliatzea. Gure lana egiteko moduari erreparatuta, atzokoa kolpea izan zen.
Beharbada horretara ere ohituko gara...
Bitartean aukera probestuko dut eskerrak emateko, gutxi dira zuen erreminta hau bezain baliagarriak guretzat.
Pello Aranburu

Erantzun

Sartu