Teknologia albisteak

Badator TEKNOPOLIS saioa, ikuslea harritzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia
2017-09-26 : 09:23

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuzen, hogeigarren denboraldia izango da, eta asteburu honetan abiatuko da, ETB1ean eta ETB2an. ETB1en larunbatero emango da, 13:30ean, eta ETB2n, berriz, igandero, 09:30ean.

Saioa Iñaki Leturia Yurritak eta Nagore Rementeria Argotek zuzenduko dute eta Leturiak berak jarraituko du Teknopoliseko aurpegia izaten. Lantaldea, berriz, esperientzia handiko zientzia-adituek eta kazetariek osatzen dute, eta haien lanak sari ugari jaso ditu, estatuan zein nazioartean. Orain ere, Boehringer Ingelheim Medikuntzako kazetaritza-saria irabazteko hautagai da Teknopolisek egindako erreportaje bat.

Aurten ere ahaleginduko dira berrikuntzak eskaintzen, eta haiek aurkeztu ditu Leturiak; bereziki, Atariko proba, ikertzaileen alderik informalena azterketa formatuan, edo Apperitifa, gailu mugikorretarako app interesgarrienekin. Lehenengo programan bizikleta izango da gaia, baina “ikuslea harrituko duen ikuspegi batetik”, gaineratu du.

Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Elhuyarrek  “ikerketa- eta berrikuntza-eragilerekin elkarlanean” egiten du Teknopolis. Hala, euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sareko dibulgazio-agente gisa Elhuyarrek egiten duen lanaren erakusgarri nagusienetakoa da saioa.

Bide batez, babesleek emandako laguntza eskertu du Canciok, eta EITBrekin duen lankidetza azpimarratu du. Cancioren hitzetan, “erakunde horiek, ikerketa eta berrikuntza jardueran barneratuta izateaz gain, gizartearekiko duten konpromisoa islatzen dute Teknopolisen bidez”.

Amaia Esquisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Zuzendariak, berriz, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak “apustu garbia” egiten duela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren alde. Horren barruan, zabalpenak duen garrantzia azpimarratu du, eta argi utzi du Teknopolis erreferente dela horretan.

Maite Iturbe Mendialdua EITBko zuzendari nagusiak, azkenik, saioak 20 denboraldi egingo dituelako zoriontzeaz gain, esan du “harro” dagoela haren bidelagun izateagatik. Haren hitzetan, Teknopolisek zientzia eta teknologia gizarteratzen egiten duen lana “ezinbestekoa” da gizartearen garapenerako. Halaber, lantaldearen kalitatea goraipatu du.

Roberto Uribeetxeberria Ezpeleta Mondragon Unibertsitateko Ikerketa eta Transferentzia zuzendariak egin ditu anfitrioi-lanak, eta, besteak beste, emakume gazteak ingeniaritzara hurbiltzeko Teknopolisek duen garrantzia aipatu du. Harekin bat etorri dira gainerako hizlariak.

Aipatzekoa da aurkezpena Mondragon Unibertsitatearen egoitzetako batean egin dela, Orona Ideoren Fundazioa eraikinean. Izan ere, Teknopolisen babesleetako bat da Mondragon Unibertsitatea. Gainerako babesleak hauek dira: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila; Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; TKNIKA, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa; eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.

Teknopolis larunbatero emango dute ETB1en 13:30ean, eta ETB2an, berriz, igandetan, 09:30ean.

 

Erantzun

Sartu