Teknologia albisteak

Plink, musika pentatonikoa elkarrekin egiteko lekua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-08 : 10:18

Interneteko garapenak egiten dituen Dinahmoe enpresak Plink! izeneko web zerbitzua sortu du. Interneten zuk zeuk musika egin eta beste batzuekin partekatzeko denborapasa dirudi, adiktiboa izan daitekeena, eta beharbada aplikazio praktikoak ere eduki ditzakeena.

Erraza da Plink erabiltzea eta ulertzea. Sartu https://plink.in/ webgunera eta Play Now sakatu. Interfaze sinple batean izen bat jasoko duzu, eta saguarekin gora eta behera sakatu eta mugitzen baduzu, nota desberdinak joko dituzu.

Ezkerrean kolorezko zeinuak "musika-tresnak" dira, bakoitzean klik eginda soinu elektroniko desberdin bat hautatzen duzu, eta gero zuk horren arabera notak joko dituzu sintetizadore-soinu batekin edo bestearekin.

Hasieran bakarrik diharduzula dirudien arren, beste erabiltzaile batzuk ere agertuko dira laster, eta bakoitzak jotzen duenaren arabera... bada, musika elkarren artean sortuko duzue. Tokiren batean irakurri dugunez, zalantza dago ea zutaz aparte agertzen diren beste "musikari-jokalari" horiek benetako erabiltzaileak diren edo robot programatuak.

Musikaz ez dakienari harrigarria gerta dakioke zein erraz bateratu daitezkeen pertsona desberdinen notak, melodia komun bat sortuz, inork musika jakin gabe ere. Izan ere, interfazeko lerro horizontalak eskala pentatoniko huts-hutsean daude konfiguratuta, eta horrek errazten du musikalitate bateratua.

Eskala pentatonikoa gizakion belarri musikalera zein ondo egokitzen den Bobby McFerrin handiak demostratu zuen behin bideo honekin:

Hortxe beraz, Plink!, probatu eta egin musika!

 

Erantzun

Sartu