Teknologia albisteak

Ordezkagunea, EAEko hezkuntzako webgune funtsezko bat, larri dabil

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-07 : 15:59

Ordezkagunea webgune inportante bat da EAEko administrazioan, eta larri dabil egun hauetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko (Lehen eta Bigarren Hezkuntza) ordezkapenen webgunea da, "zerrendetan" dauden milaka irakasle ordezkok erabiltzen dutena, eta ikastetxeek ere bajak betetzeko behar dutena. Aurreko ikasturtean nahiko arin eta modu praktikoan funtzionatu du, baina irail honetan, astelehenetik, praktikan blokeatuta dago. Bihar hasten da ikasturtea eta milaka irakaslek ez dute aukerarik ikusteko ze plaza eskaintzen diren.

Astelehenean webgunean arazoak zeudela iragarri zuten, eta eskaera eta esleipenak asteazkenez (gaur) egingo zirela jakinarazi zen webgunearen bidez. Gaur blokeoak jarraitzen du, webguneak berandu bada ere erantzuten du https://ordezkagunea.euskadi.eus helbidean, baina irakasle bat sartzen bada bere erabiltzailearekin, ez du ikusiko eskaintzarik, eta eskaerak ere ezin ditzake prozesatu.

Ordezkaguneak eguneroko "enkante-gune" baten antzera funtzionatzen du nolabait. Ikasturtean zehar, goizetan, lana nahi duten zerrendetako irakasleak sartzen ahal dira, eskaerak ikusi ("bihartik aurrera delako tokian, ingelesezko ordezkapena") eta batean edo bestean izena eman. Prozesu horretarako bi orduko leiho bat egoten da eta ondoren, arratsaldeko lehen orduak esleipenak jakinarazten dira webgunearen bidez. Irakasle bakoitzak dituen puntuak, eta eskaera-eskaintza hartzen da kontuan esleipenetarako, baina informazio zehatza ez da jakiten (ea nor geratu den zure aurretik, zenbat punturekin), datuen babes kontuengatik, pentsatzen dugunez. 

Webguneko eguneroko funtzionamendu horrekin batera, Telegram talde bat eta Facebook-eko beste bat daude irakasleen artean antolatuak, informazioa partekatzeko erabiltzen direnak. Esate baterako: "Bihar halako plaza bat irekiko da, eta interesekoa da haurdunaldi bat da eta egun gutxiko kontua barik, luzea izango da".

Jakin ahal izan dugunez, sistemak nahiko ondo funtzionatu zuen 2021-2022 ikasturtean zehar, baina ikasturte berriaren hasiera honetan pott egin du. Baja eta hutsune eskaerak handitu egiten dira opor garaian, hutsune asko betetzeko eta irakasleek ere ohikoan baino interes handiagoa dute orain. Horrek eragingo zuen kolapsoa agian. El Correo egunkariaren arabera, 3.200 irakasle daude zintzilik une honetan. Bihar ikastetxeetan izan daitezkeen hutsuneak ere ehundaka izan daitezke...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago