Teknologia albisteak

Plataformen berri: merkatu banaketa, Emmy sariak, eta Zer Non Ikusin info zehatzagoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-13 : 15:55

Plataformen inguruko albiste sorta bat pilatu dena azken orduetan: munduko merkatuaren datu batzuk zabaldu dira, Emmy sarietan plataformen nagusitasuna baieztatu da batik bat telebistako sormenean, eta euskaldunontzat inportantea: Zer Non Ikusi webguneak agindutako gehikuntza gauzatu du, ez bakarrik bikoizketen berri, orain azpidatzitako edukien berri ere ematen du.

Zer Non Ikusiko katalogoan, ale bakoitzak ikono batzuk ditu orain kartelaren gainean. Goiko irudiko adibidean, esaten zaigu hori telesaila dela, eta gainera, bikoizketa (bozgorailuaren ikonoa) eta azpidatziak euskaraz (AZP dioen ikonoa), bi aukera horiek dituela. Aukera biak ez daude eduki askotan, baina ikusiko duzue banaketa, batzuetan bikoizketa edo audioa euskaraz dagoela, eta beste eduki dexentetan azpidatziak daudela (nazioarteko plataforma izen handietan, Amazon Prime Video eta Netflixen eskutik oraingoz). Ikus beraz: https://zernonikusi.eus

Honekin lotuta, erreibindikazioa ere gogoratu, plataformetan zein beste pantailetan euskarazko edukia bermatzeko erreibindikazioa. Horrekin bat egiteko, Donostiako Zinemaldia asteburuan hasten denez, elkarretaratze bat antolatu du Pantailak Euskaraz plataformak. Hitzordua da Donostiako Kursaalaren aurrean, ostiral honetan (irailak 16), 19:30etan.

Bigarren albistea, plataformen merkatu globalak. Streaming zerbitzu hauek oso isilak dira beren audientzia datuen inguruan: inork baino analitika hobeak dituze, bereziki telebista tradizionalarekin alderatuta, baina non telebista ohikoek share sistema adostuetan neurtzen dituzten beren datuak, ez dago balidazio adosturik plataformen datuak erkatzen dituenik.

Orain Justwatch zerbitzuak egin ditu bere estimazioak. Duela 5 urte aipatu genuen estreinakoz webgune hau Sustatun, eta egun ere Euskal Herrian edukiak topatzeko praktikoa izaten jarraitzen du (bilaketak Frantziako edo Espainiako bertsioetatik eginez).

Nola plataforma anitzeko informazioa integratzen duen Justwatchek, eta bere bidez ere irits daitekeen bat eduki batera edo bestera, uste dugu klik horien bidez (eta akaso beste zantzu batzuez) iritsi direla beren ondorioetara. Eta hauexek dira ondorio joriek, mundu nailari dagokionez:

  • Netflix: munduko merkatuaren %27.3
  • Amazon Prime Video, %24,3
  • Disney Plus, %18.2
  • HBO Max, %7
  • Apple TV+, %6.2

Hori bai, azken 18 hilabeteetako aldareketa eginez, zerrenda horretako azkena da portzentualki gehien jasi dena, %29ko hazkundearekin. Prime Video eta Netflix, aldiz, behera etorri dira, %19ko eta %14ko jaitsierarekin.

Eta plataforma hauetan, zer nolako edukia? Horra hirugarren albistea, AEBetako Emmy telebista sariak bart eman zituzten, eta hauek izan dira sarituak telebista zerbitzu hauen sailkapenari erreparatuta:

  • HBO eta HBO Max: 37 sari (bi zerbitzu desberdin dira AEBetan, Europako gehienean Max deitura daraman streaming plataforma bakarra).
  • Hulu: 8 sari (uste dugu Disnet Plus-en eskaintza hedatuan aurki daitekela marka honetako edukia Euskal Herrian)
  • Amazon Prime Video: 7 sari
  • Apple TV+: 6 sari
  • Disney Plus: 6 sari

Emmy sarien 2022ko zerrenda osoa hemen: https://www.hollywoodreporter.com/tv/tv-news/emmys-2022-winners-list-1235218184/

 

Erantzun

Sartu