Euskararen Nazioarteko Egunak 75 urte bete ditu, edo beteko ditu zehatz datorren astean, abenduaren 3an. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen ekimena, eta gaur egun ospakizun zabaldua da euskaldunen artean. Eusko Ikaskuntzak bere aldetik urteurrena baliatu du euskararentzat politika eraginkorrak eskatzeko.
2024ko Rikardo Arregi sariak irabazi dituzte, kazetaritzaren alorrean Feminizketak, elkarrizketa sortak (Berrian argitaratuak), eta Komunikazioaren alorrean Ikusgelak, euskarazko Wikipediaren eta EWKE elkartearen ikus-entzunezko edukien proiektua.
Egunean Behin jokoan bihardanik (osteguna, azaroak 28) eta bost egunez (astelehena abenduaren 2a arte), egunean bi aldiz jokatzeko aukera egongo da, Durangoko Azokari lotutako sustapen bat dela eta. Ekainean ere abiatu genuen halako lehiaketa paraleloa Gidabaimenak Euskaraz proiektuarekin, eta orain, Azokari buruzko galderak erantzutea izango da koxka. Lehiaketak eta sailkapenak ez dute pisurik, baina bost egunetan parte hartzen dutenen artean, bi sari zozketatuko dira: Durangoko DA! poltsa parea, bakoitza azokako produktuez betea.
Duela hilabete batzuk dabil martxan, baina tira, hemen duzue: Euskararen Hemeroteka Telegram kanala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) martxan duen informazio zerbitzua.
Coca-Colak Gabonetako kanpainarako diseinatu dituen iragarkien artean adimen artifizialeko (AA) bideo-sorkuntzan oinarritutako bat nabarmendu da. Kritika latzak jaso ditu, txarra delakoan. Aurretik antzekoak jaso zituen Toys R Us kateak, beste bat egiteagatik Sora tresna erabiliz. AA erabilpenaren eutsigarritasunaren kontuaz gain, beste alderdi bat nabarmentzen da iragarkietan: pobrezia estetiko-grafikoa. AA-bidezko iragarkiak irudimen eskaseko sekuentzia txikiak besterik ez dira, elkarren ondoan pegatuta. Doako tresnekin Sustatun bertan sortu ditugun mini-klipak oso gertu daude, azken batean, Coca-cola bezalako handi batek sortu duen produktutik.
Uztailean kaleratu zuen deialdia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, "Adimen Artifizialaren eragin negatiboa" borrokatzeko laguntzak emateko hedabideei. Joan den astean argitaratu zen banaketa, eta gaztelerazko medioek eraman dute gehiena, tartean adimen artifizialaren bidez albiste absurdoak argitaratzeko ohitura duten batzuk.
Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako gune nagusiaren artean.
Atzo egin genuen Twitchen eta Segura Irratian aste honetakoa zuzenekoa, eta sare sozialetako mikro-mezularitza zerbitzuez jardun genuen: nola hedabide batzuek Twitter uztea erabaki duten. Norbanako askok ere bai (ez denek), eta badoazenen artean, batzuk BlueSky-ra eta beste batzuk Mastodon-era. Azken sare hau dela eta, Mastodon.eus-en 6 urteak aipatu genituen, eta bistadizo bat eman sare honi, eta baita Matx.eus berriari, zeina azpiegitura berean dagoen egina, baina ez oraingoz federatuta, esan ohi den bezala...
Egin Ttap! online lehiaketaren bigarren edizioa bihar abiatuko da (azaroak 22) eta zazpi egunez luzatuko da, azaroaren 28ra bitartean. Helburua 7 egun hauetako bakoitzean 7 galdera erantzutea da, ahalik eta azkarren, haur eta helduak (familian zein lagunekin) batera. Herrietako sailkapenak daude, eta abenduaren 6an, Durangoko Azokan, final bat.
Talaios kooperatibak eta Gipuzkoako Don Bosco ikastetxeak tailer teknologikoen egitarau bat prestatu dute aurtengo udazkenean. Tailerrak azken txanpara iritsi dira eta oraindik izen-emateak irekita daude. Docker eta Moodle teknologietan trebatzeko aukera.
Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak, Donald Trump-en eskutik eskuratuko duen boterearen itzalak zalantzak sortu ditu Twitterreko erabiltzaile askorengan, eta emigratzea erabakitzen dutenentzat, Mastodon.eus aukera ona izan daiteke.
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Lanbidearen egoerak kezkaturik, EIZIEk euskal interpreteen lehen diagnostikoa egin du. Euskara lan-hizkuntza duten interpreteen profila zehaztu nahi izan du elkarteak (generoa, adina, prestakuntza, lantokia, lan-erregimena…), eta haien beharrak identifikatu, lan-baldintza duinak aldarrikatzeko ez ezik, interpretearen figura eta jarduna hobeto ezagutzeko ere.
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki, iruditu zaigunez, baina kontua bertan sortuta, edozeinek parte har dezake (arau batzuk proposatzen dira; oinarrizkoena, nagusiki euskaraz egitea). Abenduaren 8a baino lehen Matx.eus-en erregistratzen den oro opari-sorta baten zozketan sartuko da.
Abenduaren 15a bitartean "Emakumeak, Memoria eta Bizkikidetza: zer dakizu?" online jolasean parte-harrtu daiteke. Zuzen erantzuteko, gida didaktiko hau errepasatzea ondo etor dakizuke: Bizikidetza baketsua eraikitzeko begiradak.