Teknologia albisteak

Artista sortzaileentzako "oinarrizko errenta unibertsal" bat ondo ari da funtzionatzen Irlandan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:17

Artista sortzaileentzako soldata oinarrizko bat ezarri zuten duela 3 urte Irlandan, eta luzatzera doaz esperimentua, emaitza onak izan dituelakoan. Bi mila sortzailek 1.400 euro inguruko "oinarrizko errenta unibertsal" moduko jaso dute azken urteetan, eta luzapena izango dute 2026ko otsailera arte. Eta datorren urtean beste deialdi bat egingo dutela iragarri dute. BIA izeneko planaren azterketa ekonomiko bat ere egin du Irlandako Errepublikako Gobernuak eta ondorioztatu dute inbertitutako euro bakoitzeko, oro har 1.5 euroko itzulketa izan duela onura ekonomikoetan egindakoak.

Basic Income for the Arts (BIA) deitu zuten egitasmoa, eta 2.000 lagun hauitatu zituzten, bakoitzak astean 325 euro inguru jasotzeko. Deialdia irten zenean 9.000 lagun aurkeztu ziren, 8.200 lagunen eskaerak ontzat eman zituzten, eta 2.000 ausaz aukeratu horien artean. Beste 1.000 lagun kontrol talde batean sartu zituzten, batzuen eta besteen ibilbideak konparatzeko. 

2020ko pandemia garaian sortu zen kezka, artista eta sortzaileek izan zituzten zailtasun bereziengatik. Ekimena 2021an aktibatu zen, eta 2022an hasi ziren onuradunak dirua jasotzen. 2025 bitartean, 35 milioi euro inbertitu ditu gobernuak, baina argitaratu dituen datuen arabera, ekonomikoki ere positiboa da diru-itzulera.

Eskatzaileen sormen alorrak izan zitezkeen arte bisualak, antzerkia, literatura, musika, dantza, opera, zinema, zirkua eta arkitektura eska zitzaketen. Hizkuntza tarteko den esparruetan irlandera gaelikoak zer toki izan duen ez dugu aurkitu txostenean. 

Egin duten azterketan (irakur PDF-a) nabarmentzen da BIA jasotzaileek %22 lan gehiago egin dutela beren sormen alorrean eta, aldi berean, artearen edo sormenaren besteko kostua jaitsi dela kontsumitzaileentzat. BIA-dun sortzaileek lan gehiago eskaini ahal izan diote sormenari, batez ere literatura, antzerki eta zinemaren alorretan. Sormenari lotutako diru-sarrerak ere handitu zaizkie nabarmen gehienei, hasiberriei batez (+653.89 euro), beteranoei gero (+561 euro) aeta "ibilbidearen erdian" daudenei gero (+441 euros). Hau da, BIA diru-sarrera jasotzeaz gain, bakoitzak bere sormenari ere etekin gehigarri gehiago atera dio. Hala ere, beste diru-iturri batzuen portzentaia gutxitu zaie, logikoa dirudiena.

Programaren onura ekonomikoetan azpimarratzen du txostenak gastua ere handitu dutela sortzaileek, nork bere alorreko jardueran inbertitu dutelako. Musikariek €447.7 gehiago gastatu dute beren alorrean hilero, eta gero ikus-entzunezko artistak daude (+€339). Lirteraturan, gutxixeago: +€182.

Hurrengo urteko ekimen berrian beste 2.000 sortzailerentzako aukera egongo da. Irizpideak zehaztu gabe daude oraindik, baina inkesta ere egin du Gobernuak, eta aurreko ausazko hautaketa ez dute inkestatu gehienek ontzat ematen (%14k bakarrik). Inkestatuen %47k uste du artistak behar ekonomikoaren arabera hautatu beharko zirela, eta %37,5ek, berriz, merituen araberako aukeraketa nahiago. Gutziarekin, inkestatuen %97 dago ekimenaren alde.

Irudia gobernuz kanpoko erakunde baten kanpainakoa da, BIA luzatzearen alde egin dute eskaera aurten, eta badirudi lortu dutela (jasotzaile kopurua zabaldu ez arren, oraingoz).

Erantzun

Sartu