Teknologia albisteak

Cyberzaintza zerbitzuaren iragarki kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 16:55

Zibersegurtasunarekin arduratsu joka dezagun sustatzeko kanpaina bati ekin dio Eusko Jaurlaritzak. Sare sozialetan eta beste kanal batzuetan ageri dira bideoak, eta sustatzen dute Cyberzaintza izenarekin bataiatu duten Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia. Webgunea Zibersegurtasun.eus da, batean Cyber eta bestean Ziber baina tira, hortxe duzue.

Hona iragarkia, Euskotrenen aldirietako tren batean kokatua (orain Lottu esan beharko diegu tren hauei dirudienez)

Jendea mugikorretik engainatu dute iragarkian, "aitite azkar" bizuma bidaltzeko eskatzen diote euskaraz gizon nagusi bati, eta "enseñanos el niño mese" euskañolez edo, adin txikikoen irudiak lortzeko edo. Beste kasu bat bideoan agertzen dena bullying-aren adierazpen bat da.

Cyberzaintza edo Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak adierazi duenez, hiru ekintzatan laburbildu nahi dute jendeak hartu beharreko jarrera segurua: "Pentsatu, zaindu eta errespetatu" dira eguneroko jardueretan zibersegurtasun pauta laburbiltzen duten funtsezko hiru kontzeptuak.

Cyberzaintzaren webgunean, bestalde, osatu dezakegu informazioa. Beste atal batzuen artean, albiste atal bat daukate eta alerten zerbitzua. Iruditu zaigu bertako materiala itzulpen automatikoz dagoela euskaratua, baina ez dakigu (ikus alerta bat eta albiste bat zuek neurtzeko).

Erantzun

Sartu