
Beharbada ez da oso dotorea inoren desgrazien kontura barre egitea, baina ezbehar batzuk norberak bilatzen ditu eta... Tira, aurkeztuko dizkizuegu "lehiaketa" hauek, eta zuek atera ondorioak. Twitterreko bi kontutan jarrairu daiteke, batetik nola doan Baleareetako Balconing denboraldia (BalcoLeague Balerar 2024), eta bestetik Bous al Carrerreko Federazio Darwinistaren herrien sailkapena.
HiTZ Zentroak, EHUko hizkuntza teknologien ikertegi eta Latxa adimen artifizialaren sortzaileak, bi demo edo probatzeko tresna jarri ditu sarean berriki, Hugging Face sistemaren bidez. Batak euskarazko ahotsa transkribatzen du; eta besteak determinatzen du ea testu bat euskarazko C1 maila erdiesteko balio duen. Probatu nahi dituzue? Ekin.
Sustatun asteak eman duenaren errepasoa. Uda ikastaro baten berri: Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran. Iñaki Alegriak itzuli duen liburua: 100 urteko gerra Palestinaren aurka. 'Mahatsorrien' ekimena Wikipedian: Bilboko historiako mendeurren esanguratsu bat markatzeko (Bilbok Begoña anexionatu zuenekoa). Igartza Beka 2024: idazle gazteen literatura sorkuntza sustatzeko beka kalean dela...
Aste honetako Twitcheko eta Segura Irratiko zuzenekoan, Perplexity probatu dugu, adimen artifizialeko bilatzaile modakoa edo. Ez du euskara lehenetsitako hizkuntzetan, baina euskaraz galdetuz gero, euskaraz txukun erantzuten du. Gero, adimen artifizialeko kontuekin, fidatu zaitez zer dioen... Vladimir Putinen adinarekin ez du asmatu bederen.
Gaur jasoko Errobi rock bikoteak Donostiako Udalaren Adarra saria (duo gisa ageri Anje Duhalde eta Mixel Ducau sariaren azalpen orrian). Eta kontzertua eskainiko dute Donostiako Victoria Eugenian. Lehengoan ere aipatu genuen, Errobi eta beren haragiztatzeen inguruko polemikatxoa, baina gaur zeharkako kontu bat aipatuko dugu, rock progresiboaren eta bereziki rock ez-ingelesaren historian esanguratsua, Happy End talde japoniarraren historia, paralelismo kulturakak dakartzana gogora.
Irailaren 11n izango da ikastaro interesgarri hau EHUren UIK udako ikastaroetan: Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran. Egun bateko jardunaldia, state of the art egoera jakiteko, euskararentzat funtsezkoa gertatzen ari den teknologia baten alorrean.
Ekialde Hurbileko zein tokitan gertatu zen lehen matxinada britaniar kolonialismoaren aurka? Nondik lortu zuen Israelek teknologia nuklearra? Zergatik erretiratu ziren Ingalaterra eta Frantzia Suez kanaletik gerra irabazita zutenean? Nola irabazi zituen Hamasek Palestinako azken hauteskundeak? Palestinaren azken 100 urteetako historia modu orijinalean kontatzeaz gain, Rashid Khalidik idatzita eta Iñaki Alegriak itzulitako liburua baliagarria da atzo aurkeztu zuten hau: Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Aurreko galderei eta beste askori erantzuteko gomendagarria. UEUk argitaratu du eta atzo aurkeztu zuten.
Datorren urtarrilaren 1ean beteko dira ehun urte Bilboko udalerria nabarmen hazi zela anexionatu zituelako Deustuko elizatea, Lutxana auzoa, eta Begoñako Errepublika edo elizatea. Mendeurrenerako prestatzeko wikipedista talde bat ari da euskarazko Wikipedian "mahatsorriak" identifikatzen eta biografiez hornitzen. 100 biografia ziren helburua, eta gainditu. Mahatsorri da (inoiz machorri Bilboko erdaraz) termino bat erabili izan dena herri-goitizen bezala Begoña eta inguruetako biztanleak izendatzeko. Terminoa dago lotua mahats-herri izenarekin, Bilboko ipar-mendebaldeko inguruak adierazteko balio duena.
Internetek dituen garapen / funtzio / negozio lerro desberdinetan, bilaketarena da honezkero 25 urtez lidergo nagusi baten pean finkoena: Google eta bilaketa sinonimoak dira 21. mende honetan. Adimen artifizialeko garapenek Googleren nagusitasun hautsi ote dezaketen entzuten da azken bi urteotan, eta Google bera ere ari da adimen artifiziala sartzen bere bilaketa funtzioetan (hankasartze batzuk tarteko). Hala ere, zaila da irudikatzea nola txat edo berriketa irudimentsu edo/eta adimentsu baten informazioa dakarten URL eta erreferentziak ordeztu ditzaketen... Baina zantzu batzuk hasi dira agertzen, eta Perplexity izeneko enpresa eta sistema iruditzen zaigu, oraingoz, bilaketa adimentsua izan daitekeenaren aurrerapen onena. Bere gorabeherekin, eta, dagoeneko, polemikekin ere.
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen sari bat. Iaz, aldiz, kontrakoa gertatu zen: argazki lehiaketa batean irabazi zuen (ia) batek irudi artifizialarekin...
Igartza literatura-sorkuntzako bekaren aurtengo edizioaren deialdia zabaldu zen duela egun batzuk. 2024ko beka hau XXVII. edizioa da beka honena. Ekainaren 30ean amaitzen da lanak aurkezteko epea.
Koldobika Jauregi eskultorea (Alkiza 1959 - 2024) atzo hil zen 64 urte zituela. Ustekabeko heriotza, ostiralean bertan erakusketa ireki baitzuen, aldarte eta itxura onean, Soraluzen, Oreka Art galerian. Bertan egin zituen hau ilustratzen duen argazkia eta bideoak Plaentxia.eus tokiko hedabideak.
Sustatun asteak eman duenaren errepasoa. Ruiz de Bergara jauregiaren irudi hori ageri zaigu errepasoko bideoa: azkenean bai, akordioa izango da bertan Gasteiz Antzokia egiteko. Beste kontu batzuetan, Olson datubasea zer den azaldu dugu, eta Nik Patrika Digitala aplikazioa ere bai.
Asteak emandako albisteak errepasatu ditugu Segura Irratiko eta Twitcheko zuzeneko honetan: Arabako euskalgintzatik datozkigun albiste gazi-gozoak, Aiaraldekoak eta Gasteizkoak. Eta Errobi entzun dugu, Nora goaz kantua (Atzar hadi lelotzat duena) polemikatxo bitxiak baitaude talde historikoaren inguruan...