Teknologia albisteak

Happy End: japonierazko Errobi izan ziren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-21 : 11:03

Gaur jasoko Errobi rock bikoteak Donostiako Udalaren Adarra saria (duo gisa ageri Anje Duhalde eta Mixel Ducau sariaren azalpen orrian). Eta kontzertua eskainiko dute Donostiako Victoria Eugenian. Lehengoan ere aipatu genuen, Errobi eta beren haragiztatzeen inguruko polemikatxoa, baina gaur zeharkako kontu bat aipatuko dugu, rock progresiboaren eta bereziki rock ez-ingelesaren historian esanguratsua, Happy End talde japoniarraren historia, paralelismo kulturakak dakartzana gogora.

Errobi jaiotzen ari zen urteetan, 1970eko hamarkadako lehen urteetan, Happy End egon zen modan Japonian. Hiru disko atera zituzten 1970 eta 1973 artean, eta kritikak maisulantzat jo izan ditu harrezkero. Musika onaz gain, gauza batek egin zuen bereizgarri Happy End-en musika: japonieraz kantatzen zuten. Erabaki hori hartu baitzuten Takashi Matsumoto and Haruomi Hosonok taldea osatu zutenean 1969an. Denak ari zirenean Cream, Jimi Hendrix eta beste batzuk imitatzen, zerbait originala egiteko modua aurkitu zuten japoniar gazte haiek japonieraz, beren hizkuntzan, konposatzen eta kantatzen.

Matsumoto eta Hosono beste talde batean zeuden lehenago (Apryl Fool), baina orduan ingelesez egin zuten ia dena, kantu baten parte bat baizik. Baina bikoteak beste lagun batzuk topatu zituzten Happy End egiteko, eta ordurako erabakia egina zegoen,  Buffalo Springfield edo the Grateful Dead-en estiloan aritu, baina japonieraz. Debutak polemika moduko bat ere piztu zuen Japonian, Nihongo Rokku Ronsō deitu zutena, japonierazko rockaren eztabaida, ea posible ote zen rock benetakoa egin ingelesez ez bazen. Horrek kitzikatuta bigarren diskoan dena eman zuen taldeak, eta Japoniako rock historiako disko zerrendetan agertzen da harrezkero Kazemachi Roman diskoa. Eta bertako abesti famatuena, Kaze Wo Atsumete.

Geroko Japoniako pop-rock-ean funtsezkoa izan zen hura, masa-fenomeno bilakatutako J-Pop-ean adibidez.

Eta... garai bertsuan, Errobik izan ote zuen Happy End-en berri? Kezka berdinak izan zituztela, esan liteke baietz. Eta eragina, eta demostrazioa, egin zitekeela rocka, dudari gabe, ingelesez ez bazen ere.

Happy End-en historia The Guardianeko artikulu honek ekarri zigun radarrera: Translation changes the original meaning.

Eta taldea New Yorkeko kaleetan 1970eko hamarkadan:

Erantzun

Sartu