Teknologia albisteak

Konponbiderako akordioa Gasteiz Antzokia abiatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-13 : 08:43

Maiatzean informatu genuen Gasteizko euskalgintzaren ezinegonaz, Gasteiz Antzokiren auzian, Izaskun Arrue Kulturgunea izena hartu behar duen proiektua ezin abiatuta batetik, eta bestetik sustatzaileak, Lazarraga Kultur Elkarteak, kudeaketarako aurreratuta jaso zuen 112.000 euroak derrigor itzuli behar zituela. Aste honetan, konponbidea iragarri da. Lazarraga elkarteak dirua itzultzeko plangintza egingo du, baina bost urteko epean, eta aldi berean Kulturguneak pixkanaka martxan jartzeko plana aktibatuko da.

 Ruiz de Bergara jauregian ezarri behar den Kulturgunerako lehen urrats horiek izango dira, Alea agerkariaren informazioaren arabera, 

  • Ostalaritza zerbitzuko lehiaketa egitea
  • Egitasmoaren webgunea martxan jartzea
  • Sormen deialdi eta lehiaketak antolatzen hastea, 
  • Ikus-entzunezko lehiaketa prozedura ixtea dute, eta 
  • Programazioa modu mailakatuan hastea, ekitaldi txikiekin lehendabizi, eta irailetik aurrera jarduera osoarekin abiatzeko.

Hortaz, Oihaneder Etxea 2022an itxi zenetik Gasteizko euskalgintzak pairatzen zuen hutsunea betetzen hasiko da. Oihaneder ez zen berez itxi, baizik eta Gasteiz Antzokia proiektu osoagoa antolatzeko proiektua zegoelako 2012tik, eta 2018an akordioa egin zelako jada Izaskun Arrue Kulturgunea Ruiz de Bergara jauregian ezartzeko.

(irudia, Wikimedia Commons: Ruiz de Bergara jauregia 2022an, Gasteizko Errementari kalean)

Erantzun

Sartu