Teknologia albisteak

Hitz zentroaren bi demo sarean euskarazko puntako teknologia probatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-24 : 09:13

HiTZ Zentroak, EHUko hizkuntza teknologien ikertegi eta Latxa adimen artifizialaren sortzaileak, bi demo edo probatzeko tresna jarri ditu sarean berriki, Hugging Face sistemaren bidez. Batak euskarazko ahotsa transkribatzen du; eta besteak determinatzen du ea testu bat euskarazko C1 maila erdiesteko balio duen. Probatu nahi dituzue? Ekin.

Hona lehen tresna, ASR egiten duena (ASR: Automated Speech Recognition  hizketaren ezagutza automatikoa). Bi modutan erabil daiteke, zuzenean zure gailuko mikrofonoaren bidez zerbait grabatuz, ala WAV formatuan dagoen audio fitxategi bat igota. Grabaketa azkar bat egin dugu, eta euskara batuan primeran eman digu transkripzioa sistemak. Gure etentxoetatik puntuazio markarik ez du atera, akaso tentuz.

Bigarren tresnak balio du jakiteko ea testu jakin batek C1 maila ematen duen. Aproba egin dugu joan den asteko Sustatuko artikulu honen sarrera pasatuta. Eta doi-doi pasatu dugula esan liteke... Beste ondoriorik ez dugu aterako. Egin zuen aprobak.

C1 mailak adierazten du hiztun bat (euskaldun bat kasu honetan, baina beste hizkuntza batzuetako ebaluazioetan ere) erabiltzaile gaitua dela. Hau da, Eusko Jaurlaritzat ontzat emandako irizpideen arabera gai da lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako edozein testu (elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak) ulertzeko; baita inguruko herri-hizkeran sortutakoak ere. Eta gai da, era berean, lagunarteko elkarreraginean, lan-esparruan eta komunikabideetan ideiak eta iritziak jariotasunez eta eraginkortasunez adierazteko. Ongi egituratutako eta osatutako testu argiak eta zehatzak idazteko gai da, ideia nagusiak eta osagarriak bereiziz, eta, oro har, xedea lortzeko estrategia egokiak aukeratuz. Era berean, bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko gai da, ideia osagarriak eta adibide egokiak emanez. Garai bateko EGA tituluak euskara gaitasuna C1 mailakoa zela egiaztatzen zuen hain zuzen.

Erantzun

Sartu