Ekialde Hurbileko zein tokitan gertatu zen lehen matxinada britaniar kolonialismoaren aurka? Nondik lortu zuen Israelek teknologia nuklearra? Zergatik erretiratu ziren Ingalaterra eta Frantzia Suez kanaletik gerra irabazita zutenean? Nola irabazi zituen Hamasek Palestinako azken hauteskundeak? Palestinaren azken 100 urteetako historia modu orijinalean kontatzeaz gain, Rashid Khalidik idatzita eta Iñaki Alegriak itzulitako liburua baliagarria da atzo aurkeztu zuten hau: Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Aurreko galderei eta beste askori erantzuteko gomendagarria. UEUk argitaratu du eta atzo aurkeztu zuten.
1917-2017 tartea aztertuz, Palestinaren auziari heltzeko egileak sei funtsezko momentu hautatzen ditu, sei gerra-adierazpen bere hitzetan:
Bakoitza kapitulu batean azaltzen da, eta gertaera bakoitzak aukera ematen du dagokion garaiko analisi zabalago bat liburura ekartzeko.
Kapitulu bakoitzean egileak bizipen pertsonalak eta familiarrak txirikordatzen ditu gertaerekin eta analisiarekin. Historiako liburu konbentzionalen mugak gainditzen ditu, kronikari lekua emanez eta analisian sakonduz.
Rashid Khalidi egilea Edward Said katedraren titularra da New Yorreko Columbia unibertsitatean, Beiruten bizi zen Libanoko gerraren garaian eta Palestinako ordezkaritzan aholkulari aritu zen Madrilgo eta Washingtongo negoziazioetan. Senide ezagunak izan ditu, aitona Jerusalemgo alkate, osaba erbesteratua egon zen britaniarren garaian, aita NBEko itzultzaile... Gainera, deskribapenarekin eta analisiarekin batera, palestinarrek historian egindako bidea eta hartutako erabakiei buruz bere iritzia ematen du egileak, eztabaidarako bidea ere irekiz.
Liburuaren nondik norakoak horrela adierazten ditu egileak sarreran:
Palestinako historiari buruzko azterketa integral bat idatzi beharrean, Palestina menderatzeko borrokan gertatutako sei inflexio-puntutan jarri dut arreta. Palestinaren patua erabaki zuen 1917ko Balfour Adierazpenetik, Israelek 2000ko hamarkadaren hasierako Gazako Zerrendako setio eta Gazako biztanleriaren aurkako aldizkako gerretara, sei gertaera horiek nabarmentzen dute Palestinaren aurkako ehun urteko gerraren izaera koloniala, baita hura burutzeko kanpoko botereek izan duten ezinbesteko eginkizuna ere. Gerra bizi izan zuten palestinarren esperientzien bidez azaldu nahi izan dut, partzialki bada ere, kontakizun hau, haien arteko batzuk nire familiako kideak, deskribatutako pasarte batzuetan presente egon zirenak. Lekuko izan nintzen gertaeretan neure oroitzapenak gehitu ditut, baita nire familiaren eta beste batzuen materialak zein lehen pertsonan idatzitako hainbat narrazio ere. Nire xede nagusia zera izan da, gatazka hau azaltzeko gailendu diren ikuspegi gehienetatik oso ezberdin den ikuspuntua ematea.
Gazako egungo egoera ikusita egileari analisia eskatu zion UEUk itzulpenerako eta jatorrizkoan ez zegoen kapitulu berri bat bidali zuen apirilaren 26an, "Azken Hitza" kapituluan jasota dagoena. Horrela hasten da:
Ehun urteko gerra Palestinaren aurka idatzi eta lau urtera, 2023ko urriaren 7an, piztu zen gerra luze honen faserik basatienetako bat. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean fase hori zazpigarren hilabetea betetzera doa…
Rashid Khalidiz gehiago: Jatorri libanoar-palestinarreko historialari eta idazle estatubatuarra da. 1991-1993 artean Palestinako ordezkaritzaren aholkulari izan zen Madrilgo eta Washingtongo bake-negoziazioetan. New Yorken jaioa (aitak NBEn lan egiten zuen). 1976-1983 artean Beiruten bizi izan zen, baina bertatik alde egin behar izan zuen Israelen inbasioaren ondoren.
Zortzi liburu idatzi ditu, Palestinian Identity, Brokers of Deceit eta The IronCage besteak beste. Hainbat kolaborazio idatzi ditu The New York Times eta The New York Review of Books ezagunetan eta beste hainbat argitalpenetan. Arabiar Ikasketa Modernoen Edward Said katedraren titularra da New Yorkeko Columbia Unibertsitatean eta Journal of Palestine Studies aldizkariaren koeditorea.
Eta euskaratzailea, Iñaki Alegria; EHUko eta UEUko irakasle informatikaria hainbat urtetan, nazioarteko gaien inguruko saiakerak ere itzuli izan ditu. Honen aurrekoa, "Latinoamerikaren zain urratuak", 2021ekoa.
Erantzun
Sartu