Teknologia albisteak

Errobi-mania: ofizialistak, erreformistak eta disidenteak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-07 : 09:24

Errobi taldeak 1970eko hamarkadan euskal musikari eta kulturari egin zion ekarpena ez du inork zalantzan jarri azken hamarkadetan, baina aurten taldearen sorreraren 50. urteurrena dela eta, badago gogo logiko egin zena gogoratu eta txalotzeko, eta musika haren doinuak berriz entzutek. Kontua da, iruditzen zaigunez, Errobi-mania hau, nonbait, ezkerreko mugimendu politikoen klasikoen bidetik doala, eta korronte desberdinak daudela: ofizialistak, disidenteak eta erreformistak... 

Batetik udaberri honetan izan dugu Errobiren 50. urteurreneko kontzertua Bilbon, maiatzaren 4an izan zen Euskaldunan. Anje Duhalde eta Mixel Ducau frontmanak buru, lagun izan zituzten urteurrenerako Txomin Duhalde, Rèmi Gachis eta Iñigo Telletxea. Taldea berriz dago iragarria ekainaren 21erako, Musikaren Europako Egunerako, Donostian, Victoria Eugenia antzokian. Motiboa da Adarra Saria saria jasoko duela Errobik 2024 honetan, Donostiako Udalak eskaintzen duen kultura alorreko ohorea, bere 11. edizioan.

Bestetik, datorren ekainaren 14an, Donostiakoa baino lehenago, Abadiñon iragarria dago Anje Duhalderi omenaldia egingo zaiola. Iragarrita daude kartelean Xabier Amuriza, Miren Amuriza, Eñaut Elorrieta, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Josu Zabala, Joseba Tapia, Antton, Ines Osinaga, Onintza Azkarate, Itziar Navarro, Manex Pagola eta Teresa Jareño. Ez dagoena iragarria da... Anje Duhalde bera. Baina agian azalduko da.

Eta gero dugu Atzar Hadi. Errobiren kantu baten leloa da, "atzar hadi! atzar hadi!", Nora goaz kantuarena, eta 2023tik izen hori hartuta hor ibili da eratzen lehenago eta jotzen gero talde hau... Tribute band moduko bat, Xabi Pery gitarristak antolatua. Kontua da omenaldi sorpresa izan asmo zuela ekimen honek, baina itxura batean, Errobi ofizialaren onespen zigilurik ez du lortu. 

Amaia Ereñaga kazetariak elkarrizketa egin zien duela aste batzuk Anje Duhalde eta Mixel Ducauri, eta protesta egin zuten biek ("Ez gaude hilkutxan!", esan zuen barrez Ducauk). Duhaldek horrela azaldu zuen: "Atzar Hadi proiektua gertatu eta deitu zidatenean, horrelako gauza arraroa eragin zidan: ‘Kaguendios, hauek zer hari dituk gu omentzen? Gu oraindik hor gaude musika munduan aktibo! (...) Gainera, proiektua aurkeztu zutenean, dena zegoen erabakita: musikariak, errepertorioa eta kantak. Eta gero nahi zuten guk parte har genezan? Ez, proiektua egitekotan, guk aurrera eramango dugu. Eta horrela gertatu da. Hori izan da dinamita piztu duen metxa."

Beren aldetik, honela aurkezten du Atzar Hadik bere jarduna: "Zuzeneko musika eta vintage diren argazkien eta bideoen proiekzioa nahasten dituen ikusgarri-ekitaldi honek, 70ko hamarkadako Euskal Herrirako bidaian eramanen zaituzte, Errobi euskal folk/rock lehen taldearen obraren bidez. Hainbeste eraldaketa ezagutu dituen garai hura oinarritzat hartuz, haien musika, historia, musikarien eta urte haietako Euskal Herritarren bizia (berr)ezagutzeko parada ukanen duzue."

Eta Atzar Hadi ikusteko aukerak izango dira aurtengo udan ere... Abuztuaren 8an Getarian (Gipuzkoa), abuztuaren 21ean Laudion, eta irailaren 11n Saran.

Erantzun

Sartu