CodeSyntax eta Kisaleko lan-taldeko partaidea
Badira lau urte "Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala" posta argitaratu nuela nire blogean. Ez nuen taburik hautsi, nire historia nahi nuen kontatu, ez gehiago, nahi nuen moduan eta nire estiloan. ZAZPI proiektuarekin horixe bilatzen dut, nire historia kontatzea, bideoan eta audioan.
Diagnostiko batek ez dauka zertan izan denaren amaiera, izan daiteke zaplada bat, espabilatzera animatzen zaituen zerbait. Nire kasuan hala izaten ari da. Bizitza bera gehiago apreziatzen ikasi dut, gertukoen laguntzarekin gehiago aprobetxatzen saiatzen naiz bizitza bera. Kirolak lagundu dit baita ere. Pixkanaka hasi nintzen igerian eta urtebetera Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitu nuen. Horren aitzakian 150 kamiseta saldu nituen senide eta lagunen artean, eta etekina ADEMGIri eman nion, Gipuzkoako esklerosi anizkoitza dugun pertsonen elkarteari.
Twitterrek iragarki politikoak debekatu behar dituela eta hitz batzuk eskatu zizkidaten ETBko albistegietatik ondorengo erreportajea osatzeko. Elkarrizketa prestatzeko hainbat ohar hartu nituen eta hona ekarri nahi izan ditut, erreportajea osatzeko asmoz.
San Frantziskon 8.000 apartamenturen jabe den enpresa batek akordioa egin du Uberrekin. Urbanizazioan etxea erosi eta kotxerik ez dutenei 100 dolarreko kreditua emango diete hilero Uber zein hiriko garraio publikoa erabil dezaten. Urbanizazioaren jabeak aparkaleku gutxiago eraiki ahal izango ditu (eta, ondorioz, espazio gehiago etxeak egiteko). Eta etxe-erosleek ez dute zertan kotxerik erosi beharko, garraio eraginkorrago eta merkeagoa eduki ahal izango dute. Ez da iraupenik aipatzen hemen http://www.sfgate.com/bayarea/article/Parkmerced-plans-to-subsidize-residents-use-of-7547885.php
Ostiralean Tesla Motors enpresak bere auto berria iragarri zuen, Model 3 izenekoa. Sona handia lortu du iragarpenak, itxura batean salmenta kopuru handia lortu dezakeelako (dagoeneko 275.000 ibilgailuko aurre-salmenta egon da), eta kotxe elektriko eta autonomoen segmentuaren pizgarria izan daitekeelako. Izan ere, bi iraultza izugarri ari dira gertatzen une honetan: kotxe elektrikoena eta gidaritza autonomoarena. Eta horrek ondorioak izango ditu, ziurrenik, hirien egituran, gidarion ohituretan, eta industria automobilistikoan.
FitBit Flex eskumuturreko-adimentsu bat darabilt aspaldian. Egiten dudan kirol-jarduna neurtzeko balio du, besteak beste. Bizitza osasuntsuagoa eramaten laguntzen ei dute gailu hauek. Ez naiz amu hori irentsi duen bakarra. 2015ean 78 milioi wearable edo eskumuturreko-adimentsu saldu ziren munduan (Apple Watch erlojua kategoria honetan sartzen dute). Baina ikerketa batek ezagutzera eman duenez, gailu hauek ez dira fidagarriak osasuna monitorizatzeko orduan.
Atzo WhatsApp doakoa izango dela iragarri zuen Jan Koum-ek, mezularitza-zerbitzuaren kudeatzaileak, Munich-eko DLD biltzarrean. Orain arte, lehen urtea doakoa zen, eta hortik aurrera 0,89 euro/urteko kostua zuen. Baina ordaintzeko eskaera hori ez ei zitzaien erabiltzaile guztiei egiten, eta askok ez zuten ordaindu behar izaten. Hemendik aurrera, doakoa izango da erabiltzaileentzat eta WhatsApp-ek beste diru-iturri batzuk landuko ditu.
Ez daukat ezer Interneteko hainbat albistegi edota blog diseinatzen duten profesionalen aurka, baina, aizu, batzuetan zaila egiten zait testu bat irakurtzea. Agian zahartzen hasi naiz eta betaurrekoak behar ditut, auskalo. Edota zeharo petralduta nago letra-tipo bitxi eta tamaina txikikoekin (Interneteko enpresa batean lana egitearen ajeak). Horregatik maite dut Firefoxen irakurtzeko ikuspegia: utikan alferrikako elementuak eta gora ondo irakurtzeko moduko letra-tipo eta tamaina.